Laneko arriskuak prebenitzeko formakuntza ikastaroak emango dituzte Mallabiko zentro berrian

Anboto 2016ko mar. 16a, 13:39

Goitondo industrigunean dago azpiegitura berria eta 1.500 metro karratu ditu. Gaur inauguratuko dute, 16:30an. Ekitaldiren barruan, mahai inguru bat antolatu dute kirol munduko hainbat lagunekin: Alex Txikon alpinista eta Markel Irizar ziklista, besteak beste.

TeknoDidaktika laneko arriskuen prebentziorako formakuntza teoriko-praktikoak eskaintzen dituen enpresa bat da. Bost probintziatan 17 gune ditu eta gaurtik aurrera berri bat izango du Mallabian: Gaur, 16:30ean, 1.500 metro karratu dituen zentro berria inauguratuko dute Mallabiko Goitondo industrigunean, Alkideba enpresako azpiegituretan. Alkideba eraikuntza eta industria arloko makinariak saldu edo alokatzen dituen enpresa da.

Azpiegitura berriaren bitartez “orain arte zerbitzua eskaintzera heltzen ez ginen jendearengana helduko gara, Durangaldera eta Debagoienara, hain zuzen”, zehaztu dute arduradunek. Izan ere, “inguru honetako langile eta enpresen aldetik eskari handia dago, laneko arriskuen prebentziorako formakuntzari dagokionez”.

Besteak beste, orga jasotzailea erabiltzen dutenei, zubi-garabia darabiltenei eta altuerako lanetan dabiltzanei zuzendutako ikastaro teoriko-praktikoak eskainiko dituzte. Hori gauzatzeko beharrezko makinaria guztia prest duten azpiegitura berrian.

Mahai ingurua kirolariekin

Gaurko inaugurazioan azpiegitura berria bisitatzeko aukera egongo da eta kirolari ezagunekin mahai inguru bat ere antolatu dute. Honako hauek batuko dira: Alex Txikon alpinista, Markel Irizar txirrindulari profesionala, Asier Cuevas atleta ultrafondista eta Fran Garalgaza Eibar futbol taldeko kirol zuzendaria. Enpresei zuzendutako ‘coach’-ean aditua den Idurre Albizuk ere parte hartuko du. Mahai-ingurua gidatzeko ardura Asier Odriozola kazetari eta aurkezleak izango du.

Mahai inguruaren azken minutuetan Alex Txikonen azken lorpenak jasotzen dituen dokumental labur bat eskainiko dute. Oraintsu, Nanga Parbat mendia neguan igotzea lortu duen lehen alpinista izatea lortu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!