Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta txirrindulari ezagunak, Orbearen 175.urteurrenean

Anboto 2016ko urt. 21a, 10:47

Orbea bizikleta enpresak 175 urte egin ditu eta gaur urteurrena ospatzeko ekitaldi jendetsu egin dute Mallabian duten azpiegituretan. Iñigo Urkullu lehendakaria eta txirrindularitza munduko jendea batu dira ekitaldira, besteak beste.

Pedro Delgado, Igor Gonzalez de Galdeano, Samuel Sanchez, Marino Lejarreta, Roberto Laiseka eta Miguel Madariaga izan dira ekitaldia bertatik bertara jarraitu zutenetako batzuk.

Iñigo Urkullu lehendakariak Aitor Bugallo txirrindularia gogoratuz hasi du hitzaldia; Orbeako langilea eta joan zen astean auto istripuan hil zen.

Orbea “55 herrialdetan presente dagoen enpresa globala da” jarraitu du lehendakariak: “Txirrindularitzak prestakuntza, ahalegina, eta talde lana eskatzen ditu eta balio horiek guztiak Orbea enpresarenak direla erakutsi diguzue”.

Jon Fernández Orbeako zuzendariak enpresaren balioak azpimarratu ditu. Hainbeste urtez bizirauteko gakoa “eraberritzeko eta eraldatzeko izan dugun prozesu konstantea” izan da, Fernandezen berbetan. Esaterako, bizikletagintzan zentratu aurretik, armak egiten zituen Orbeak. Sozietate anonimo izatetik kooperatibara aldatzea izan zen beste urrats esaguratsu bat. Gizarte ikuspegiagaz lan egiten dutela azpimarratu gura izan zuen Fernándezek: “Gizarte justu eta solidario bateagorako gure aletxoak jartzen saiatzen gara”.

Santi Millan aktore eta aurkezle ezaguna Orbeako enbaxadora da eta berba batzuk esan ditu, ekitaldiari umore ukitua emanez. Pedro Delgado txirrindulari ohia Seat-Orbea taldean aritu zen 1985ea eta orduko bizipenak gogoratu ditu.

Bertaratutako denei 175 urteei errepasoa egiten dien liburu mardula banatu diete. Enpresako sail desberdinetarako bisita gidatuarekin amaitu dute ekitaldia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!