Reincidentes, Hesian eta PAM, urriko jaietako kartelburuak

Anboto 2015ko urr. 19a, 09:46
Hesian taldeko kideak.

Atzo abiatu zituzten jaiak, nesken eta helduen pala zirkuituko partiduekin frontoian. Hurrengo astebururako ere, egitarau oparoa prestatu dute. Barikuan txupinazoa jaurtiko dute eta bertso-poteoan ibiliko dira. Zapatuan izango da kontzertuen txanda.

Urriaren 23an, ostirala, umeentzako tailerren eta buruhandien ostean, txupinazoa jaurtita ekingo diete jaiei. Elizpeko pilota txapelketako finalaren ostean, oilasko pintxoak banatuko dituzte. Ondoren, Beñat Ugartetxea eta Odei Barroso bertsolariekin tabernarik taberna joango dira. Gaua Basajaunen erromeria doinuekin amaituko dute Mallabian. Urriaren 24an, berriz, areto-futbol eta nesken frontenis partiduez gainera, erreskateko txakurren erakustaldia eta Pepa eta Kutxo pailazoak izango dira. Jaietako ekitaldi nagusietako bat gaueko kontzertua izango da. PAM, Hesian, Reincidentes eta DJ Bull izango dira taula gainean.

Urriaren 25ean amaituko dira jaiak. Pilota eta areto-futbol partiduak, Txan Magoa, Zaldibarko Euskal Liga eta txokolada izango dira eguneko hitzorduak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!