Emarri emakume taldea eta zaldiak nor baino nor, Zengotitako jaietan

Anboto 2015eko abuztuaren 26a

Emarri taldeko kideak harria eroaten. (Argazkia: https://www.facebook.com/emarritaldea)

Asteburuan ospatuko dituzte Zengotita auzoko jaiak. Domekan desafio berezia egongo da: Emarri Emakume Proba Taldeak zaldien aurka lehiatuko dira proban.

Zapatuan hasiko dituzte Mallabiko Zengotita auzoko jaiak, txopoa jasota, 20:00etan. Ondoren, auzokoentzako afari-merienda prestatuko dute, jaiei behar den bezala ekiteko.

Domekan, berriz, mezaren eta dantzarien ostean, desafio berezia ikusi ahal izango dute gerturatzen direnek. Aterpe Eraikuntza enpresaren zaldiak Oiartzun-Astigarragako Emarri Emakume Proba Taldearen indarra neurtuko du. Izan ere, hogei minutuko proban, zaldiak emakumeen bikoitza egitea da erronka. Arratsaldean, ostera, bolo txapelketan elkartuko dira. Era berean, umeen jolasak eta patata tortilla txapelketa izango dituzte gozagarri.

Astelehenean, 12:00etan meza eman eta gero, Mallabiko Gazte Alai dantza taldeak erakustaldia eskainiko du. Bolo txapelketa eta asto probak ere izango dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!