Euriteek kalteak eragin dituzte Osman eta Gerean

Anboto 2015eko otsailaren 6a

Zubitegi baserriko sarbidea, Osma auzoan.

Joan zen asteburuko euriteek hainbat arazo sortu zituzten Mallabian. Joan zen zapatu goizean, Zubitegi baserrirako bidean, lur-jausia gertatu zen. Ondorioz, baserrirako sarbidea etenda geratu da. Udal arduradunek azaldu dutenez, lurra jausteaz gainera, bidea ere apurtuta dagoenez, orain konponbiderik egokiena zein izan daitekeen erabaki behar dute. Bien bitartean, behin-behineko sarbidea egokitzeko asmoa dute.


Gerea auzoari dagokionez, joan zen asteko bariku gauean pinu bat errepidera erori zen. Pinua berehala moztu zuten, eta errail batetik bidea eman zuten. Pinuaren sustraiak eta lur multzoa errailaren beste zatia okupatzen dabiltza, baina arazoa laster konpontzea espero dute.

Joan zen barikuko haizeak ere kalteak eragin zituen. Haizearen eraginez ortu ludikoetako teilatua altxatu egin zen.Leiho bat zabalik zegoen, eta haize bolada batek kalte handia eragin zuen teilatuan. Toldoagaz estali zuten, eta eguraldiak hobera egiten duenean konpontzeko asmoa du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!