Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jasoko dute lanek. 40.000 euro inguruko aurrekontua duten lanetan, garestiena aldamioak jartzea dela gogorarazi du Gilek. Eta, obra hasita dagoenez, tximistorratza eta erlojua konpontzeko momentu ona dela azaldu du. Bestela, beste edozein hobekuntza egiteko, berriro aldamioak jarri beharko lirateke.
Udalaren laguntza
Tximistorratza eta erlojua konpontzeko parrokiak Mallabiko Udalaren laguntza ere eskatu du, hobekuntza horiek herri osoarentzat izango liratekeela uste duelako.
Mila Mondragon Mallabiko alkateak azaldu duenez, tximistorratzaren konponketari baietza eman dio udalak. Erlojuari dagokionez, erloju berria jarri beharrean, gaur egun dagoena konpontzeko aukera aztertzen dabil udala. Parrokia, ostera, erloju elektrikoa jartzeko aukera ere aztertzen ibili da.
Lokala erabilgarri
Era berean, Mallabiko Udalak aspaldi proposatu zion parrokiari elizaren beheko aldean dagoen lokala konpontzea eta publikoari zabaltzea. Urtarrilean ahoz eta idatziz helarazi zion udalak lokala zabaltzeko eskaera, eta apezpikutzaren erantzunaren zain dago orain.
Espazio hori herritarrek aterpe moduan erabiltzea da udalaren asmoa; umeek zein nagusiek, batez ere.