Ekintzaileentzako lokal bi egokitu ditu Mallabiko Udalak

Anboto 2014ko mai. 3a, 09:00
Ekintzaileei zuzendutako lokal bi egokitzea erabaki du udalak, herrian hainbat zerbitzu falta direla ikusita. Herrian ez dago ile apaindegirik edo estetika zentrorik, podologia zentrorik edo fisioterapeutarik. Mota horretako enpresei erraztasunak eman gura dizkio udalak, tokiko ekonomiaren garapenean urratsak emanda.

 

“Lanik gabe dauden gazteak euren negozioa martxan jartzera animatu gura ditugu”, adierazi du Mila Mondragon Mallabiko alkateak. Mediku zentroko obrak aprobetxatu ditu udalak lokal bi horiek egokitzeko. Martxoan ekin zieten lanei, eta udal arduradunek azaldu dutenez, obrak bukatzear daude. 80.000 euroko inbertsioa egin du udalak enplegua sustatzeko proiektu honetan.

Orain, udalak pleguak prestatuko ditu eta interesa dutenek beraien proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Eskaera handia bada, aukeraketa egingo dute eta lauzpabost urterako negozioa bertan eduki ahal izango dute. Informazio gehiago gura dutenek udaletxean datu gehiago eskatu ditzakete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!