Debabarreneko Amankomunazgoak Gipuzkoako Foru Aldundiagaz batera autobus zerbitzua hobetzeko parte-hartze prozesua ipini du martxan. 56 herritako bizilagunen iritzia jaso eta gero, teknikariek aurreproiektuak ezagutzera eman dituzte. Prozesuaren bigarren fasea martxan jarri dute.
Ekarpen orriak udaletxean eta kultur etxean bete daitezke, eta batzarra deitu dute apirilaren 1erako, 18:30ean, Eibarko Udaletxean. Mallabiari dagokionez, Mallabia-Ondarroa linean ibilbide osoa hamabost zerbitzuk emango dute norabide bakoitzean. Era berean, Ermua eta Mendaro artean 31 zerbitzu izango dira norabide bakoitzean. Gaineratu dutenez, horietatik hamazazpi Ermutik hasi beharrean Mallabitik hasiko dira, eta Mallabiraino iritsiko dira. Hau da, maiztasuna gaur egungoa izango da, baina egungo zerbitzuagaz alderatuta, azken orduko zerbitzuak luzatu egingo dira; 20:45eko autobusa Ondarroara arte helduko da, eta 21:15ekoa ere bai. Ondarroatik Elgoibarrera zerbitzu bat gehitu dute, 22:10ean.