Udalak 2009. urtetik dauka martxan Euskararen Erabilera Plana, baina 2013an, EAEko Euskararen Normalizaziorako V. Plangintzaren hasierarekin batera, berria egiteari ekin zioten UEMAren laguntzagaz. Plan berrian UEMAk onartuta dituen hizkuntza irizpideak kontuan hartu dituzte. Euskararen erabileraren egoera zein den azaldu, eta epe horren amaieran lortu beharreko helburu orokorrak zehaztu dituzte.
Mila Mondragon alkateak azaldu duenez, "planaren helburu nagusia udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea da, bai zerbitzu hizkuntza, bai lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzun ahal izateko". Herritarrekiko harremanetan hizkuntza euskara izan dadila bermatu gura dute, beti ere herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuta. Euskara beste erakundeekiko harremanetarako hizkuntza izatea eta administrazio barneko lan hizkuntza izatea ere bermatu gura dute.