Mallabian mendi duatloia antolatu dute gaurko

Anboto 2013ko ira. 29a, 08:26
Euskal Herriko zirkuituko bigarren proba lehiatuko dute 11:00etatik aurrera

Euskal Herriko zirkuituko bigarren proba lehiatuko dute 11:00etatik aurrera.

 

Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituko bigarren proba Mallabian jokatuko dute gaur. Aurten hirugarren aldia izango du. 2011n zirkuitua sortu zutenetik Mallabiak ez dio hutsik egin urteroko hitzorduari. Mallabiko herri ekimenari esker antolatzen dute ekitaldia.

 

Zirkuituko lehenengo proba Ibarran (Gipuzkoa) lehiatu zuten irailaren erdian, eta Mallabikoa denboraldiko bigarrena izango da. Ondoren, beste zortzi mendi duatloi geratuko dira.

 

Nagusien lasterketa 11:00etan hasiko da plazatik, eta iazko ibilbide ia berari eutsi diote: lehenengo, korrika, 3,34 kilometroko zirkuitu bati itzuli bi (288 metroko desnibel positiboa) emango dizkiote duatloilariek; ondoren, bizikletan ibiliko dira 16 kilometro (670 metroko desnibel positiboa); amaitzeko, korrika zirkuituari beste itzuli bat emango diote. Korrika egiteko tarteetan, hasierako metroetan daude aldaparik latzenak. Bizikletako ibilbideak aldaketa txiki batzuk izan ditu, baina, oro har, iazko bera da. Bizikletan mendiko bideetatik, lurbideetatik, ibiliko dira parte hartzaileak. Inguruko mendi duatloilari onenek parte hartuko dute gaurko proban.

 

Gaztetxoen duatloia

Iaz hasitako bideari jarraituta, aurten ere 13 urtera arteko gaztexoei zuzendutako duatloi bat prestatu dute. Adin tartearen arabera, maila bitan banatuko dituzte: 8 urtera artekoak eta 9-13 urte artekoak. Proba horiek 10:00etan hasiko dira. Izen-ematea gaur bertan egin daiteke, probak hasi baino ordu laurden lehenagora arte.

 

Antolatzaileen helburua, herritarren lanagaz sortu duten mendi duatloia ekimen parte hartzailea izatea da. Horregatik, proba amaitzen denean, 14:30 inguruan, herri bazkaria izango dute pilotalekuan. Guztira, 200 bat lagunek eman dute izena bazkaritarako.

 

EGITARAUA

  • 10:00etatik aurrera: 8 urtera artekoen, eta 9-13 urte artekoen duatloiak hasiko dira.
  • 11:00etan: Mendi duatloia hasiko dute gizonetan zein emakumeetan.
  • 14:30ean: Bazkaritara batuko dira pilotalekuan.

 

IBILBIDEA

  • Korrika: 6,68 km. Itzuli bi zirkuituari (288 metroko desnibel positiboa).
  • Bizikletan: 16 kilometro.
  • Korrika: 3,34 km. Itzuli bat zirkuituari.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!