"Euskaltegiko ikasleek euskararen beharra sentitzen dute Mallabian bizitzeko"

Anboto 2013ko ira. 14a, 09:44

Duela hogei urte gutxi gorabehera hasi zen lehen euskaltegiko taldea Mallabian. Urte batzuetan martxan, bestetan geldituta, lokalak aldatu... Orain kultur etxean finkatuta dago AEK-k zuzentzen duen jarduna. Bertan dabil Juanmi Bravo. 23 urte daramatza AEKn

Duela hogei urte gutxi gorabehera hasi zen lehen euskaltegiko taldea Mallabian. Urte batzuetan martxan, bestetan geldituta, lokalak aldatu... Orain kultur etxean finkatuta dago AEK-k zuzentzen duen jarduna. Bertan dabil Juanmi Bravo. 23 urte daramatza AEKn.

 

Herri txikia izanda ere, badauka euskaltegia Mallabiak.

Bai, eta herri txiki batek dauzkan zailtasunak dezente izaten dira. Eusko Jaurlaritzako diru-laguntza jasotzeko, besteak beste, ikasle ratioak daude, eta Mallabian gutxienez, sei pertsona egon behar dira taldea sortzeko, eta talde bat baino gehiago badago, zortzi. Mallabiak daukan biztanle kopuruarekin guztiz ezinezkoa da horrelako taldeak egitea, denak gutxi gorabehera maila berekoak baitira. Orduan, gure erronka hori izan da: Mallabian talde iraunkor bat egitea, jakinda, denetarik egongo dela; ulertu bai, baina ia ezer hitz egiten ez duen jendetik hasita, gutxi gorabehera EGA maila daukan jenderaino. Taldea heterogeneoa da.

 

Zelan konpontzen zarete?

Ohitu egiten zara, teknikak daude. Sarritan, asko dakien bat gutxi dakien batekin jartzen dut. Orduan, baten helburua besteari gauzak ondo azaltzea da, eta mintzamena landu behar du. Besteak, jaso, ulertu, eta bien artean gai izan behar dira ariketa egiteko. Erritmoa motelagoa da, baina aurrera goaz. Mintzamena da beti helburua. Gauzak egiteko borondatea behar da, eta motibazioa dagoenean jendeak aurrera egiten du. Azkenean, euskara gauza praktiko bat da, eta praktikatuta ikasten da.

 

Hori dio aurtengo AEK-ren leloak: “Euskara praktikoa”.

Hori, euskara praktikoa behar dugu. Eta hemen egia esan, zorionez, jende gehienak hori nahi du, herriko euskaldunekin berba egin, eta Mallabiko giroan sartu. Hona etortzen diren gehienak Mallabira bizitzera etorritakoak dira. Inguruko herrietakoak izaten dira, erdaldunak edo euskara oso gutxi dutenak.

 

Mallabia euskalduna delako ikasi gura dute orduan euskara.

Bai, zorionez, Mallabia oso herri euskalduna da. Ikasleek nolabaiteko beharra ikusten dute; badakite jendeak badaukala gaztelaniaz hitz egiteko gaitasuna, baina egunero leku guztietan ikusten duzu euskara dela herritarrentzako komunikatzeko hizkuntza. Konturatzen dira eurengatik dabiltzala denbora guztian hizkuntzaz aldatzen. Hori da motibazio nagusia. Inork ez du premia larririk erakutsi titulu bat lortzeko. Egia da hiruk lortu dutela dagoeneko, aukera egoten delako. Maila zutela-eta azterketara joatera animatu nituen, eta atera zuten.

 

AEK-k esana da ikasleen motibazioak aldatu egin direla. Beharrerako edo seme-alabengatik ikasten duela jendeak euskara.

Bai. Mallabiko motibazioa agian irla bat da. EAEn dauden motibazioak aztertuko bagenitu, ikusiko litzakete motibazioak asko aldatu direla. Orain, lehen baino askoz ere motibazio akademikoagoa dago, askoz euskaldun gehiago dagoelako, hori ere bai. Eskolak euskaldundu duen jendea etortzen da euskaltegietara. Askotan ez daukate erraztasun handirik, baina euskaldunak dira. Euren kurrikuluma hobetzera datoz, eta azken urteetako krisiarekin gehiago; igarri dugu jendea kurrikuluma hobetzera datorrela. Titulu eske. Nahiko motibazio ahula da hori.

 

Ez da erabilerarako saltorik egoten?

Ez, motibazio horrekin ez da erabilera bermatzen. Oso erraza da ez erabiltzea, beste hizkuntza bat daukagulako komunikatzeko, oso indartsua dena, eta mundu guztiak dakiena. Horrek bai kezkatzen gaitu AEK-n, eta azken kanpainetan horretan zentratu gara: Euskara praktikatzearen garrantziaz jardun dugu, praktikarako taldeak sortzen gabiltza, eta azken Korriketan ere mezu hori zabaltzen saiatu gara.

 

Tituluak lortzeaz gainera, motibazio orokorretako bat seme-alabengatik ikastea da. Mallabian ere bai?

Bai. Mallabiko eskola herriaren isla da, eta oso eskola euskalduna da. Ikasleen euskara mailan alde handia igartzen da, euskaraz bizi diren gurasoak eduki ala ez. Euskaltegira etortzen diren batzuek esaten dute eskolan esan dietela euren seme edo alabak errefortzu bat behar dutela. Irakasle eta zuzendariek gomendatu egiten diete gurasoei euskara hobetzea edo ikastea. Ez bakarrik etxerako lanetan laguntzeko, euskaraz komunikatzeko premia dago. Gomendatzen diete telebista eta irratia euskaraz jartzea, eta liburuak euskaraz irakurtzea. Kontuan eduki Mallabiko herritarren erdia baserrietan bizi dela, oso giro euskaldunean. Guraso erdaldunak dituen umearen eta baserriko umearen euskararen arteko aldea handia da.

 

Fruituak ikusten dituzu? Ikasleek kalean erabiltzen dute euskara?

Ez da erraza. Beldurra izaten dute. Askotan euskaldunok ez dugu ondo ulertzen mezu hori, eta berehala pasatzen gara gaztelaniara: “ya te hablo en castellano, ningún problema”. Ez dira konturatzen benetan besteak nahi duela esfortzu hori egin. Txarto hitz egiten badu, arrazoi handiagoz jarraitu behar duzu berarekin euskaraz. Kalera irteten gara afarien aurretik-eta, ikus dezaten mallabitarrek bertan gaudela, ikasten eta esfortzua egiten ari garela, eta txarto egiten dugula, baina txarto egin behar dela gero ondo egiteko. Hori da bidea.

 

Irakasle lanean, buruhausteak eta pozak izango dituzu.

Proiektu moduko bat da niretzat. Herri txikia izanda, ikasleen prozesua hurbil-hurbiletik bizi izan dut, eta poz handia ematen du bertan ikasitakoa kalean egin dezaketela ikusteak. Gogorra ikasleek bidea uztea izaten da. Egunean ordu bi honi dedikatzea ez da erraza. Gauza asko egin nahi dugulako, eta denboraz justu ibiltzen garelako. Ikasleak galtzeak pena ematen du. Ikasturte bateko helburua baino, prozesu bat delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!