AEK-k eta udalak hitzarmena sinatu dute

Anboto 2013ko ira. 5a, 12:00
Helduen euskalduntze eta alfabetatze arloa garatzeko oinarriak finkatu gura dituzte

Helduen euskalduntze eta alfabetatze arloa garatzeko oinarriak finkatu gura dituzte.

 

Lau urterako hitzarmena sinatu du udalak AEK-rekin. Euskaltegiak aurrera daraman lana bultzatzea eta laguntzea da helburua, Mallabiko biztanleria heldua euskalduntzeko eta alfabetatzeko. Azaldu dutenez, helduen euskalduntze-alfabetze lana “funtsezkoa” da: “Helduok euskara ikasi, egin eta eginarazi gabe ez dago gazteen eta haurren artean hizkuntza erabilpenean aurrerapauso kuantitatibo eta kualitatiborik ematerik”.

 

Hamarkada bi \"\"

Ermuko Kaltxango euskaltegiko irakasleak duela 20 urte hasi ziren Mallabian eskolak ematen. “Hasieran eliza gaineko lokaletan ematen genituen eskolak, eta gaur egun kultur etxean”. Iaz, 14 pertsona joan ziren Mallabiko euskaltegira euskara ikastera. Beste hainbat mallabiar Ermuko euskaltegira ere joaten direla azaldu dute Kaltxangoko arduradunek.

 

Udalak 2013-2014 ikasturtean euskara ikastaroak egiteagatik diru-laguntzak emango ditu, eta eskaerak Erregistro Nagusian aurkeztu beharko dira matrikula egin eta ondorengo hilabetearen barruan.

 

Irailaren 24ra arte eman daiteke izena euskaltegian. Etorkin zein jubilatuentzako ikastaro bereziak emateaz gainera, Euskaltzaindiaren arauak azaldu eta IVAP-Irale Osakidetzako tituluak ateratzen lagunduko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!