Ortu ekologikoak inauguratu eta gero, elkartea sortu gura dute

Anboto 2013ko mai. 23a, 09:01

Auzolanean egokitu dituzte ortuak eta erremintak gordetzeko txabola

Auzolanean egokitu dituzte ortuak eta erremintak gordetzeko txabola.

 

Ortu ekologikoak martxan dira Mallabian. Hamabostaldi kulturalaren barruan inauguratu zuten Mallazpiko baratze gunea maiatzaren 11n. Luncherako, ortuetako erabiltzaile bakoitzak zer edo zer eroan zuen. Urtebete da ortu ekologikoak martxan jartzeko proiektua abiatu zutela. Batzarra deitu zuen udalak joan zen maiatzean, zerbitzua erabiltzeko herritarren artean interesik ba ote zegoen jakiteko.

 

Deialdiak erantzuna izan du mallabiarren artean, eta urtebete geroago hamahiru lagunek badute lur zati bat lantzeko. Beste sei partzela libre geratu direnez, izena emateko epea berriro zabalduko dutela azaldu du udalak. Ortu horiek nekazaritza ekologikoan oinarrituta daudenez, gai honen inguruko lau berbaldi antolatu zituzten urtarrilean. Erabiltzaileak nekazaritza ekologikoan trebatzea zen asmoa.

 

Auzolanaren fruitua

Auzolanean bildu eta zazpi egunetan baratzeak atondu dituzte. Gainera, erabiltzaileek erremintak gordetzeko txabola pintatu dute. Ortu horien erabiltzaileek elkarte bat sortu gura dute orain. Baratzeak kudeatzeaz gainera, udalagaz bitartekari lana egitea da elkartearen helburu nagusia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!