FIAREko kide baten berbaldiak zabalduko du kultur hamabostaldia

Anboto 2013ko mai. 5a, 08:32

Banku etikoaren inguruko hitzaldia emango du Galo Bilbaok

Banku etikoaren inguruko hitzaldia emango du Galo Bilbaok.

 

Ekitaldiz beteta dator Mallabiko kultur hamabostaldia datozen aste bietan. Mallabiko Udalak herriko hainbat elkarterekin elkarlanean antolatu du egitaraua.

 

Maiatzaren 8an, esaterako, Galo Bilbao FIARE banku etikoko kideak Banku etikoa. Beste ekonomia bat posible da izeneko berbaldia emango du kultur etxean, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Maiatzaren 9an, bizikletak konpontzen erakutsiko du Koldo Praderak, 19:00etan hasita, kultur etxean.

 

Arkitektura arloko berbaldi batekin jarraituko du egitarauak. Maiatzaren 10ean, Egoitz Mendizabal arkitektoak Nola isolatu gure etxea ganoraz berbaldia eskainiko du. Gaueko 22:00etan, Ispilua antzezlana taularatuko dute.

 

Maiatzaren 11n, goizean, auzolanerako bilduko dira herriko konponketak egiteko, eta, 13:00ean, herri baratzen aurkezpen irekia egingo dute. 17:00etan, Zorion Alberdik Orux Map mendiko GPSak zelan funtzionatzen duen azalduko du.

 

Revolutionary Brothers reggae jaia antolatuko dute herriko tabernan, datorren asteko zapatuan. Lau ordu geratu gabe musika entzuteko aukera eskainiko du Izar Gorri kultur elkarteak. Hurrengo astean ere jarraitzen du egitarauak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!