Baratze ekologikoak zelan landu ikasteko tailerrak Kultur Etxean

Anboto 2013ko ots. 22a, 08:58

Udalak ortu ekologikoak atondu gura ditu. Erabiltzaileentzako ikastaroak antolatu ditu

Udalak ortu ekologikoak atondu gura ditu. Erabiltzaileentzako ikastaroak antolatu ditu.

 

Mallabiko Udalak baratze ekologikoen ekimena jarri du martxan. 19 ortu eskaini ditu, eta dagoeneko 13 eskari jaso dituzte. Baratze bakoitzak 60 metro karratu ditu, eta kasu batzuetan familia osoaren artean jardungo dutela jakitera eman du Xabat Areitioaurtena zinegotziak. “Eduki dugun eguraldi petralak ez digu aukerarik eman ortuen gunea atontzeko, baina martxoaren bukaerarako dena prest egotea espero dugu”, gaineratu du.

 

Bien bitartean, ortuetan lanari ekiteko oinarrizko formakuntza emango du udalak. Ordu eta erdiko lau saiotan, 18:30etik 20:00etara, Kultur Etxean ortugintza ekologikoaren oinarriak azalduko dituzte. Lehenengo tailerra Ramon Bengoa nekazaritza ekologikoan diharduen baserritarrak emango du martxoaren 28an, Zergatik nekazaritza ekologikoa? izenburupean. Martxoaren 7an, berriz, Asun Mendibek eta Haritz Maiorak Lurra eta labore motak hartuko dituzte berbagai, lurraren ezaugarri fisiko eta kimikoak, lurraren maneiua eta ongarrien gaia landuz.

 

Martxoaren 14an, Unai Aranguren EHNEko adituak landaketari buruz berba egingo du, sasoian sasoiko produktuei eta laboreen txandakatzeari buruz. Leire Ibarretxe Biolurreko aholkularia martxoaren 21ean joango da Mallabira, Baratzeen maneiua azaltzeko. Martxoaren 23an Larrabetzuko Jose Antonio Lekueren baserria bisitatuko dute, bere ortuko esperientzia ezagutzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!