Urtarrilaren 24rako Durangoko epaitegian aurreikusita zegoen enkantea egitea.
Prentsa ohar labur baten bidez, Mallabiko Udalak herrian egitekoa zen etxe kaleratze bat bertan behera geratu dela jakitera eman du. Azaldu dutenez, urtarrilaren 24an "titulu ofizialeko betearazpen" delakoagatik Durangoko epaitegian egitekoa zen enkantea bertan behera geratu da. Udalak familia eta aseguru etxearekin egindako bitartekaritzaren ondorioz, akordio batera heldu dira alde biak. Beraz, enkantea eta etxe kaleratzea bertan behera geratu dira.
Mallabiko Udalak etxe gabetzeen arazoari elkarlanean irtenbidea bilatzeko dei egin die inplikatutako eragile, instituzio, eta norbanakoei. Udalaren berbetan, "Mallabiko kasuak erakusten du elkarrekin lan eginez irtenbidea eman ahal zaiola drama sozial berri honi".
Etxe kaleratzeen mozioa
Etxe kaleratze kasu batean udalak bitartekari lana egin duen lehenengo aldia den arren, gai honen inguruan etxe gabetzeei aurre egiteko protokoloa egitea onartu du. Abenduaren 27an udala osatzen duten bi alderdiek, Bilduk eta EAJk, aho batez onartu zuten mozioa. Bertan, banku, kutxa, kooperatiba eta batez ere, Kutxabanki etxe-gabetze denak bertan behera uzteko "exijitu" zuten, bai alokairu erregimenean bai jabetzan gertatzen diren kasuetan. Gainera, Mallabiko Udalak bere eskumeneko esparruan eta babes sozialerako indarrean dituen egitasmoetan etxe kaleratuei arreta berezia eskainiko diela jakitera eman du.