'Amama Inaxiren ipuina' kontatuko dute Jasokundek eta Mendibilek

Anboto 2012ko abe. 20a, 09:16

Gabonetako jaialdian Olentzerok herriko umeen gutunak jasoko ditu

Gabonetako jaialdian Olentzerok herriko umeen gutunak jasoko ditu.

 

Gabonak ospatu guran egitarau zabala prestatu dute Mallabian. Abenduaren 22rako antolatu duten jaialdian herriko umeek Olentzerori gutuna emateko aukera izango dute. Ekitaldia Mallabiko kirol etxean izango da, 19:00etan. Jasokunde eta Mendibil abesbatzetako kideek, baserritar jantzita, Amama Inaxiren ipuina kontatuko dute. Istorioaren zati batzuetan abesbatzek kantatuko dute eta dantzariek ere parte hartuko dute. Pello Mugerzak eta Justo Azagirrek idatzitako ipuinean, amama sutondoan bilobekin batzen da, eta Olentzeroren istorioa kontatzen die.

 

Abenduaren 23an, berriz, Jasokunde abesbatza Gabon  kantak abestera joango da baserriz  baserri. Gabon egunean, Olentzerok Mallabia bisitatuko du, arratsaldeko 19:00etan, Izar Gorri kultur elkarteak eta Orraittio euskara elkarteak antolatuta. Egitarauarekin jarraitzeko, zine emanaldia izango da kultur etxean, abenduaren 26an eta 27an, 18:30ean futbol taldearen eskutik. Umeentzako haur parkea abenduaren 28an prestatuko dute Mallabiko kirol etxean, goizean 11:30etik 13:30era, eta arratsaldean 16:30etik 19:30era.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!