Oizen magalean parrokia propiodun auzoa, Gerea

Anboto 2012ko abe. 3a, 08:30

Mallabiako Gerea auzoa eremu aldapatsuan dago, Oizen magalean, eta aisialdian mendiaz gozatzeko aukera emateaz gain, parrokia propioa du

Mallabiako Gerea auzoa eremu aldapatsuan dago, Oizen magalean, eta aisialdian mendiaz gozatzeko aukera emateaz gain, parrokia propioa du.

 

Oiz mendiaren magalean  dago Mallabiako Gerea auzoa, eta Artaiz izenez ere ezaguna da. Artibai arroaren hasieran dago, eta Ziortzako barrutiarekin egiten du muga. Eremu aldapatsu hori 30 baserrik eta hainbat eraikin berrik osatzen dute.

 

Oiz mendiaren magalean egoteak aisialdian mendiaz gozatzeko aukera asko eskaintzen ditu. Bertatik Oiz gailurrera igotzeko bidea gogorra bada ere, Gerea eta Trabakua bitarteko zelai lauetan zehar ibiltzeko aukera ere badago. Perretxiko garaian, jendez betetzen da inguru hori.

 

Mendi ibilbideez gain, zenbait eraikin historikoz gozatzeko aukera eskaintzen du Gereak. Auzo txikietan ohikoa ez den arren, Gereak parrokia propioa du: San Adrian parrokia, XIV. mendekoa. Historian zehar aldaketa asko izan ditu, Ziortzako kolegiatako parte izan zen hasiera batean. Ondoren, ermitatik parrokia izatera pasatu zen Ziortzako kalonjeak eta Gereako biztanleek egindako akordio baten ondorioz. Eraikin erlijiosoak, kanposantua, bataio-harria eta sakramentu santua izan behar zituen parrokia bilakatzeko. Oraindik ikusgai daude  horiek guztiak.

 

San Adrian egunean, inguruetako bizilagunek, umeak parrokoarengana eroaten zituzten, hark bedeinkazioa eman ziezaien. Oraindino ere, berba egiteko arazoak dituzten edo oinez berandu hasten diren umeak parrokiara eroaten diztuzte, Justo Azagirre bertako bizilagunak adierazi digunez.

 

Nahiz eta gaur egun itxita egon, Gereak auzo-eskola izan zuen. Zabalik egon zen 1973. urtera arte, baina Mallabiako eskola berria sortu zenean, auzo-eskolak itxi zituzten. Gaur egun, Gereako auzo-eskola zena txoko bezala erabiltzen dute.

 

Auzoko jaiak ekainean izaten dira, San Adrian egunean. Meza santua, dantzariak, herri kirolak eta bertsolariak egoten dira ikusgai. Beñat Ugartetxea bertsolaria bertakoa da, eta hantxe aritzen da bertsotan, beste bertsolariren batekin. “Asto-probak ere ezin dira falta jaietan”, Justo Azagirreren esanetan.

 

Gerearra zen Longa jenerala ere. Napoleonen kontra borrokatu zen gerrilari hori, eta frantsesen aurkako Independentzia Gerran irabazlea izan zena. Longa Nagusia baserrian jaio zen 1783an, eta gaur egun nekazaritza-turismo etxea dugu bertan.

 

Hamaika kontu eta zenbait aukera Oiz inguruez gozatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!