Lanpostuak sortzea sustatu guran enplegu plana egingo dute

Anboto 2012ko urr. 7a, 08:39

Mallabiko eta Ermuko diagnosia egin eta gero ekintza plana zehaztuko dutela dio udalak

Mallabiko eta Ermuko diagnosia egin eta gero ekintza plana zehaztuko dutela dio udalak.

 

Eusko Jaurlaritzak 2012ko maiatzaren 9ko Aginduan Eskualdeko Enplegu Planak dinamizatzeko laguntzetarako deialdia zabaldu zuen. Ekaineko osoko bilkuran udalak aho batez onartu zuen Mallabiak Ermuarekin batera Enplegu Plana martxan jartzea.

 

Mila Mondragon alkateak lan merkatuan planak dituen helburuak azaldu ditu: “Egitasmo honen bidez, enplegua sustatzea eta enpleguaren tokiko garapena lortu nahi duten ekintzak eta programa bereziak sortu gura ditugu.  Lan-merkatuan izandako aldaketek eragindako desorekak gainditzea da asmoa”.

 

Enplegu Planak hiru ardatz nagusi izango ditu. Lehenengo,  herriko eta inguruko lan-merkatua eta egoera sozio-ekonomikoaren diagnosia egingo dute. Bigarrenik, plana osatzeko estrategiak zehaztuko dituzte, langabezian dauden herritarrak beharra bilatzera bideratzeko. Azkenik, Ekintza Plana osatzeko lortu nahi diren emaitzak adieraziko dituzte.

Egitasmoa osatzeko partaidetza foroa edo lantaldea osatuko dute, agente publikoen eta pribatuen partaidetzarekin, eta ekintzak proposatzeko eta planaren barruan proiektuak sortzeko gaitasuna izango dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!