San Martin ermita izen bereko baserriaren alboan kokatuta dago eta dotore zainduta daukate; San Juan ermitak antzinako auzo-eskola eta bolatoki eraberritua ditu inguruan.
Iparraldean Markinarako errepideagaz egiten du muga Goitana auzoak (Mallabia). Hegoaldean, ia Mallabiako herriguneraino jaisten da. Muga biak elkartzen dituen aldapa luzean, belardi eta zuhaizti berdeak eta baserri dotoreak aurki daitezke. Hiru ermita ere baditu Goitanak: San Martin, San Juan eta Santa Katalina. Auzoaren erdian San Juan dago eta beste biak alde banatara. Hirurek lerro bat osatzen dute. San Juan ermitako leiho estutik zuzen begiratuta, San Martin ikusten da, eta beste aldetik, lerro berean, Santa Katalina dago, arboladiek ikuspegia estaltzen badute ere. Kuriosoa da, baina auzoaren eraketa (goitik behera eta luzetara) eta hiru ermitenak (ezkerretik eskumara) elkartuta, gurutze handi baten forma hartzen du auzoak.
San Martin baserriaren alboan dago izen bereko ermita. “Edo ermita ote dago baserriaren ondoan?”. Galdera horixe bota du airera Felixa Pagaegik. Bera bizi den baserria, edo ermita, bietako zein egin zuten lehenengo? Izan ere, baserriak atarteko arkuaren erdi-erdian harrizko gurutze bat du. Modu batera zein bestera, ermita etxaurreko parte da gaur egun eta ederto zaindurik daukate. Barrualdea garbi, umeltasun usain barik. Kanpoaldetik, jatorrizko harria bistaratuta eta tarteak zuriz pintatuta. Alboko lore eta fruitarbolek kolorea ematen diote eta, inguruan dabiltzan katu, txakur eta abereek bizia. Aipagarria da, baita ere, gorune batean dagoen antzinako golde eraberritua.
Berez, San Martin Eguna azaroaren 11n da, baina Goitanan maiatzaren bigarren edo hirugarren astean ospatzen dute: “Orain urte asko, ermita eraberritu zenean, ospakizuna egunez aldatzea erabaki zuten auzotarrek, azaroan sarritan euria egiten zuelako”, gogoratu du Jose Mari Zubiatek, San Martin baserriko bizilagunak.
Santa Katalinan ez dute santuaren egunik ospatzen, baina San Juanen bai, ekainaren 24an. San Juanek bolatokia eta sasoi bateko auzo-eskola ditu alboan, biak egoera onean. Bolatoki errektangularrak teilatu berria du, egurrezko egitura sendo eta dotorekoa. Ermitaren atarian 500 kiloko harria dago gordeta, jaietan erakustaldiak egiteko erabiltzen dutena.
Trabaku gainean daude hiru ermitetarako sarbideak. Hiru sarrera ezberdin dira, bata bestearen nahiko segidan daudenak.