EuskoTrenek apirilaren 16an autobus zerbitzua kendu ostean udalak alegazioa aurkeztu zuen.
Mallabiko Udalak aurkeztutako alegazioen aurrean EuskoTrenek autobus ordutegia aldatu du. Ondarruraino orduro zihoan autobusa, laurden gutxiagotan Mallabitik ateratzen dena, “berreskuratu” egin dutela azaldu du Mila Mondragon alkateak: “Azken aldaketak direla-eta, Mallabitik kostaldera zuzenean joateko aukera kendu egin ziguten, baina, kexa eta alegazioak aurkeztu ondoren zerbitzua ostera ere jarri dute”. Gaineratu duenez, “berriro ere Mallabitik Mendaroraino bakarrik ez, Debara, Mutrikura eta Ondarruraino ere joateko aukera dago”. Zerbitzu hori uda garaian eta neguan ere mantenduko da.
Gainera, EuskoTrenen eta Bizkaibusen autobusak ez dira ordu berean irtengo, lehen bezala, zerbitzu biak aldi berean. Horrela, orain, herrigunetik Debabarrenara joateko hogei minuturo irteten da bi autobusetako bat.