Areitiora doazen autoak plaza ingurutik abiadura handiz pasatzen direla dio udalak.
Plazatik Mallabarrenarako bidea itxi du Mallabiko Udalak autoentzako. Mila Mondragon alkateak erabakiaren ararzoia azaldu du: “Sarritan Areitiorantza doazen kotxeak abiadura handiz pasatzen dira bide honetatik, eta plazan dauden herritarrak arriskuan jarri”. Herriko umeei eskola egunak amaitu zaizkiela kontuan hartuta, segurtasun neurritzat hartu du udalak bidea ixteko erabakia: “Umeek oporrak hartu dituztela-eta, plaza inguruan lasaiago ibiltzeko aukera eman gura diegu”.
Bidea libre
Mallabarrenatik plazarako bidean autorik ez pasatzeko, piboteak ipini ditu udalak. Herritarrei piboteen alboan ez aparkatzeko eskaera egin dute. Autoak aparkatzen badituzte, anbulantziei-eta traba egiten dietela gaineratu du Mallabiko alkateak: “Bidea libre uzteko eskatzen zaie herritarrei, piboteen atzean ez aparkatzeko. Edozein urgentzia gertatuz gero, bidea libre egon behar da bertatik pasatzeko moduan”.