Konpostatzearen aldeko apustua egingo du udalak

Anboto 2012ko uzt. 1a, 08:16

Beste zabor sistema batzuen bidez hondakinen birziklatu ahal da; atez atekoagaz, esaterako

Beste zabor sistema batzuen bidez hondakinen birziklatu ahal da; atez atekoagaz, esaterako.

 

Zabor bilketa eragingarriagoa  lortu guran, pausu berriak emateko prest dago udala. Mallabian zaborraren %25etik behera birziklatzen da eta hori aldatu egin behar dela azaldu du Xabat Areitioaurtena Bilduko zinegotziak: “Gaur egun organikoa, papera eta plastikoa bezalako lehengaiak nahastuta doaz  zabortegietara”. Azpimarratu duenez, beste zabor sistema batzuekin, atez atekoagaz  esaterako, zaborraren %80tik gora birziklatu ahal da eta bide hori jarraitzea garrantzitsutzat jo du.

 

Gai horren inguruan egin zuten berba joan zen eguenean Ainhoa Arrozpidek eta Juan Mari Irazustak, Zero Zabor taldeko kideek. Hondakinak baliabide direla azpimarratu zuten eta ez zaborra. Hondakinen murrizketaren, berrerabilpen eta birziklapenaren alde egin zuten.

 

“Mallabian materia organikoa aparte kudeatuaz gero, eta horretarako aukera ederra daukagu, zaborraren %40 konpost bihurtu dezakegu”. Hori dela-eta, zabor bilketaren arloan udalak konpostatzea bultzatu gura du “bai herrian eta baita baserrietan ere”. Debabarrenako Amankomunazgoan autokonpostagailuak eskuratu daitezke. Gainera, zabor bilketa eredua aldatzeko azterketa egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!