Gaur jarriko dituzte martxan Goita auzoko jaiak; 22:00etan herri afarian batuko dira auzokideak.
Asteburu osorako egitaraua antolatu dute Goita auzoan. 22:00etan herri afarian elkartuko dira goitatarrak. Beñat Ugartetxea mallabiarrak eta Etxahun Lekue larrabetzuarrak bertsotan jardungo dute. Iraitz eta Jokin trikitilari bikoteak girotuko du gaua.
Zapatuan, arratsaldean Gorriti eta bere abereen bisita izango dute Goitan. Ondoren txinga eroate eta txokorbatze lehiaketan parte hartzeko aukera eskainiko dute. Gauerdi aldera San Joan sua piztuko dute.
Domekan, meza egingo dute 11:00etan. Ostean, Mallabiko Gazte Alai taldea ariko da dantzan. Eñaut Gallastegik eta Aitor Urienek ardi txakurrekin erakustaldia eskainiko dute. Mallabian herri kirolenganako duten zaletasuna kontuan hartuta, sega txapelketa prestatu dute jaietarako. Esti, Asun, German eta Zelai arituko dira segan, eta Boliña, Edurne eta Idoia belar meta egiten. Jabier Iñusiña izango dute epaile. Arratsaldean, berriz, umeen jolasak egongo dira.