Barazki eta artisautza produktuek beteko dute Nekazaritza Azoka

Anboto 2012ko mai. 19a, 08:07

Kultur Hamabostaldiaren bigarren asteburuan baserriko produktuak izango dira nagusi

Kultur Hamabostaldiaren bigarren asteburuan baserriko produktuak izango dira nagusi.

 

Kultur Hamabostaldiak aurrera darrai Mallabian. Asteburu honetarako hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Domekan, inguruko baserrietako jeneroa eskuratzeko aukera izango dute frontoira doazenek. Xabat Areitiourtena zinegotziak azaldu duenez, hamabost postu ipiniko dituzte. Bost edo sei postu herriko nekazariek bertako ortuetatik ateratako barazkiekin beteko dituzte. Patea eta gazta ere egongo dira salgai.  Bestalde, artisauek larrua eta egurra zelan lantzen duten erakutsiko dute. Orraittio euskara elkarteak pintxo eta sagardo postua ipiniko du.

 

Gaur, bazkari autogestionatua

Gaur, 10:30ean, mendi  lasterketa herrikoian ariko dira gazte zein heldu. Indarrak berritzeko, herri bazkari autogestionatua antolatu du guraso elkarteak.

 

Iluntzeko 20:00etan, berriz, herriko Jasokunde eta Mendibil abesbatzek kontzertua eskainiko dute Jasokundeko Andra Maria elizan,  Yasmin pianojolea bidelagun dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!