Udalak euskaraz ikasten jarraitzeko gutuna bidali die aurten hamazortzi urte betetzen dituztenei.
Udalaren gutuna jaso dute aurten hamazortzi urte bete edo beteko dituzten gazteek. Adin honetan aukeratu ohi dute heziketa ziklo bat ikasi, unibertsitatera joan edo lan munduan murgildu.
Aukeratzen duten ibilbide horretan Mallabiko Udalak euskararen bidetik jarraitzera gonbidatu ditu gazteak. “Geroago eta ikasketa gehiago egin daitezke euskara hutsean. gainera, zenbat eta jende gehiagok eskatu euskal ereduan matrikulatzeko, orduan eta ugariagoak izango dira euskarazko ikasketa eskaintzak”, azaldu du udalak ikasleei zuzendutako gutunean.
Gaineratu dutenez, euskarak bizitza profesionalean espektatibak zabaldu ahal dizkie. “Zorionez, euskara jakitea gero eta gehiago baloratzen da hainbat lanpostutako profilak diseinatzerako orduan. Administrazioan lan egin gura baduzu, berriz, ia ezinbestekoa zaizu euskaraz prestatuta egotea”, dio gutunak.