0-2 urte bitarteko umeen heziketan laguntzeko Dori Dobonek berbaldia eskainiko du gaur.
Gurasoei zuzendutako berbaldia eskainiko du Dori Dobon psikomotrizistak Kultur Etxeko Aretoan, gaur 17:30ean. 0-2 urte bitarteko umeengan oinarritutako solasaldia izango dela azaldu dute Mallabiko udal arduradunek. Gurasoei umeen hazkundean laguntzea da ekimen honegaz lortu gura dutena.
Laskurain psikomotrizitate zentroko adituak umeen inguruan hainbat arlo landuko ditu. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, “lotura afektiboaren garrantzia azalduko du umearen segurtasun eta konfiantzarako”. Aitaren eta amaren figurari buruz ere berba egingo du. Umeentzako masajea, esplorazioa, psikomotrizitatea, bi urteko etaparen inguruko argibideak eta esfinterraren kontrola ere landuko dituzte Mallabiko hitzaldian.