Gurasoentzako materiala eta webgunea prestatu du euskara zerbitzuen Alkarbide bilguneak.
Gurasoek euskararen transmisioa dela-eta eduki ditzaketen kezka, beldur edo zalantzak argitzeko helburuagaz ipini dute abian ‘Eman giltza’ kanpaina. Bizkaiko euskara zerbitzuen Alkarbide bilgunearen proiektua da ‘Eman giltza’. Hainbat tresna ipini dituzte gurasoen eskura, tartean www.emangiltza.com webgunea.
Interneteko ataria hiru hizkuntzatan dago; euskaraz, gaztelaniaz, eta frantsesez, guraso euskaldun, erdaldun zein mistoentzako materialgaz. Frantsesezko atala etorkinei zuzendutakoa da. Hainbat gurasoren testigantzak ikusi daitezke bideoetan, eta transmisioa bermatzeko aholkuak, tresnak eta baliabideak daude www.emangiltza.com-en.
Webgunean umeekin euskara lantzeko materiala ipini dute; besteak beste, ume elebidunen gurasoentzako eskuliburua, euskarazko produktuen katalogoa eta Interneten dauden hainbat esteka baliagarri ere bai.
Ku-ku izeneko argitalpena ere badago webgunean. Duela bost urte argitaratutako liburuxka da Ku-ku, eta udal batzuk berragitaratu egin dute aurten. Liburuxkan gurasoek euren seme-alabekin berba egiteko oinarrizko berba eta esamoldeak batu dituzte, eta baita abestiak ere. Liburuxkagaz batera, CD bat banatzen dute abestiekin.
Alkarbide bilgunean, besteak beste, Abadiño, Berriz, Durango, Elorrio eta Zaldibarko udaletako euskara zerbitzuak daude.