"Nork bere mugak identifikatzea aldaketarako lehenengo pausoa da"

Anboto 2011ko urr. 14a, 08:53

Barneratuta ditugun jarrera negatiboak aldatzeko \'Jabekuntza eta PNL\' ikastaroa ematen dabiltza Mallabian

Barneratuta ditugun jarrera negatiboak aldatzeko ‘Jabekuntza eta PNL’ ikastaroa ematen dabiltza Mallabian. Errudun sentimentua, besteak zaindu gura izatea, gauza guztietara ezin helduta gora eta behera ibiltzea... norberak bere buruan dituen sentsazioak izaten dira, barne komunikazioagaz lotutakoak.

 

Pentsamendu, ekintza eta jarrerak aztertu eta norbere mugak identifikatzea da PNL Programazio Neurolingustikoaren helburuetako bat. Emakume talde bat ikasitakoak ‘berprogramatzeko’ ikastaroa hartzen dabil Mallabian. Loredi Salegi udaleko ongizate arduradunak antolatu du ikastaroa. Bera ere ibiltzen da PNLko ikastaroak ematen. 

 
Norberaren gaitasunekin zerikusia daukan ikastaroa da ematen zabiltzatena.

Ahalduntzea norberak boterea edukitzeko landu beharrekoa da; herri mailan, familian, bikote hartu-emanetan... eta PNL Programazio Neuro Linguistikoa horretarako erraminta da. PNL-k barne komunikazioagaz zerikusi handia dauka; helburua zelan pentsatzen dugun eta pentsatzen duguna zelan komunikatzen dugun aztertzea da, eta beste modu batera pentsatu eta komunikatzea, jarrerak  aldatuta.

 

Jarrera baikorretara begirako filosofia da. Diskurtso positiboen falta somatzen duzu?

Kontua ez da diskurtso positiborik ez dagoela; normalean, negatiboan pentsatzen dugula baino. “Desastre bat naiz”, “Ezin dut”, “Zaila da”... eta antzekoak pentsatzen baditugu, ez gara konturatzen gure gaitasuna mugatzen gabiltzala pentsamendu horiekin. Blokeoa egoten da; ez garela gai pentsatzen dugu. Normalean pentsamendu negatibo horiek izaten ditugu, eta horrek bizimodu mugatua sortzen du. Ezin dugu ezer egin “Ezin dut” edo “Ez naiz gai izango” moduko pentsamenduak izaten baditugu. Emakumeok, batez ere, genero kontuagatik, horrelako pentsamendu asko ditugu.

 

Generoagaz datorren zerbait dela argi ikusten duzu?

Bai, gure hezkuntzak eragin handia du. Gizonek gauzei ez dizkiete horrenbeste buelta ematen. Errudun sentimentua, adibidez, normalean emakumeok edukitzen dugu. Borondatezko lan asko egiten dugu emakumeok, pentsatu barik horren ordainez errekonozimendua jaso behar dugula. Behintzat, gure buruari meritu hori aitortu behar diogu. Urte asko daramatzat emakumeei formazioa ematen, eta konturatu naiz emakumeon bizimoduan eta sentitzeko eran gauza negatibo asko ditugula barneratuta.

 

Zer adibidez?

Errudun sentimendua, ezintasuna, traba egiteko beldurra, besteen gustua egiteko gogoa, besteak zaintzea... Denengan pentsatu behar dugu, gugan izan ezik. Orain arte egin ditugun beste ikastaroetan ere ideia hori landu dugu. Ikastaro bat, adibidez, zaintzari eta norbere zaintzari buruzkoa zen. Beti da: “Denak ondo egon behar dira, baina ni zer? Nork pentsatzen du ni zelan nagoen?”. Kontziente bagara zelan sentitu eta pentsatzen dugun, guretzat egokiena zer den erabaki ahalko dugu, eta ez besteek espero dutenari begira egon. Errealitatea ikusteko ditugun betaurrekoak kendu behar ditugu emakumeok. Sarri pentsatzen duguna zera da: “Nik hau egin behar dut, eta ez badut egiten errudun sentituko naiz”.

 

Bizitzako arlo guztietan gertatzen da hori?

Azkenean ardura asko dauzkagu eta pentsatzen dugu onenak izan behar dugula etxean, ama moduan, bikotean, lanean... leku guztietan. Eta ezin dugu ‘superwoman’ izan arlo guztietan, eta ondo sentitu eta denbora eduki. Arlo guztietan besteak ondo sentitzea gura dugu, eta txarto irtenez gero, errudun sentitzen gara. Jarrera aldatzea da gakoa:  bizi behar ditugun gauzak beste modu batera biziko ditugu jarrera aldatuta. Zer edo zer gaitza irudituz gero, ezin dugula egin ikusi barik erronka izan daitekeela eta ikasi egingo dugula ikusi dezakegu. Aukerak ikusi behar ditugu gaizki irten den zerbaitetik ikasgai onak ateratzeko.

 

Ikastaroan zer gertatzen zaie harrigarriena emakumeentzat?

Bakoitzak bere eskemak dauzka, eta hori apurtzen denean itzela izaten da. Nik ikastaroan esan dezaket errudun sentitzen garela, halako eta besteko jarrerak izaten ditugula... eta parte-hartzaileetako bakoitzak bere bizitzan detektatu egiten ditu kontu horiek. Besteei trabarik ez egiteko ardura badaukat, arlo guztietan eragiten dit horrek. Garapen pertsonaleko ikastaroetan  norberaren mugak zeintzuk diren ikusten dugu, eta hori ikustea aldaketarako pausoa da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!