Auzobideetan rallyko parte-hartzaileek sortutako eragozpenak salatu dituzte herritarrek udalean.
Klasikoen Rallya antolatu zuten orain aste bi Durangon. Parte-hartzaileek, baina, Durangaldeko beste herri batzuk ere bisitatu zituzten. Mallabian, Berano Txiki eta Berano Nagusiko auzokideek udalera jo dute euren kexa adieraztera. Izan ere, auzokideen esanetan, jakinarazpen barik auzobideak zeharkatu zituzten 78 kotxe inguruk, “trafiko horrek sortzen duen arazoekin”.
Traktore eta kotxeekin “bide estu hauetatik pasatzeko zailtasunak” izan zituztela salatu dute auzotarrek: “Ordu bi eta erdi inguru ibili ziren aurrera eta atzera. Traktorea pasatzean ez dira bidean kabitzen”. Rallyzaleen “jakinarazpena behintzat” jaso beharko luketela irizten diote auzotarrek. Gaineratu dutenez, leku batzuetan abiadura handian igaro ziren autoak. Bihurgune batzuetan ez dela ezer ikusten eta arrisku handia ikusi dutela diote auzotarrek. Bidegurutzeetan ez dutela inor jarri ere azaldu dute .