Aho batez onartu du udalak Aholku Batzordeak hartutako erabakia.
Hiri Antolamendurako Plan Nagusia erredaktatzeko Mallabia, denon artean parte-hartze prozesua martxan jarri du udalak. Aholku Batzordeak sortu ditu, eta kontseiluak erredaktatu du proposamena. Herritarren artean informazioa zabaldu eta alegazioak jaso ondoren, udalbatzarrak planaren aurrerapena aho batez onartu du.
Mila Mondragon Mallabiko alkateak azaldu duenez, Debabarrenako Zatikako Lurralde Planak, gutxienez, 104 etxebizitza eraikitzea proposatzen du. Gaineratu duenez, “gure ustez, gehiegizkoa da eta ez da egokitzen herrian dauden beharretara”. Planean onartu dute herrigunean, Kalbario kalean jausteko zorian dauden etxeak bota eta 36 etxebizitza eraikitzea, eta Roke Deuna kalean beste 40 etxebizitza. Behe-solairuetan ere etxebizitzak eraikitzeko aukera izango da.
Areitio, Goitondo eta Urtiako industriaguneetarako, Debabarreneko LZPak 70 hektarea handitzea aurreikusten du. Udalak 10 hektareako gehienezkoa ezarri gura du: “Lehentasuna ematen diogu dagoen lurzoru industriala sendotzeari eta urbanizazio zaharkituak berriztatzeari”.
Oinezkoentzako bide-sarea zabaltzea ere onartu dute: Mikrodekotik Osmara doan bidean espaloia egiteko eskatuz Bizkaiko Aldundiari, eta Mallabarrenatik doan erreka inguruak ere paseo bihurtuz.
Hemendik aurrera, Hiri Antolamendurako Plan Nagusia idazten ari den taldeak finkatuta dauzka lan ildo nagusiak behin behineko plana egiteko. Hala ere, oraindino erabakitzeko geratu dira beste arlo batzuk; ekipamenduak, garraiobide sarea, nukleo ruralak, ondarea etab.