Euskara, Kultura, Hezkuntza eta Kirol Batzordeari ‘gazteria’ atala gehitu diote.
Aurreko legegintzaldian legez, datozen lau urteetan ere bost batzordetan kudeatu eta eztabaidatuko dituzte herriko beharrizan anitzak. Horietako bik, ordea, atal berriak izango dituzte: Euskara, Kultura, Hezkuntza eta Kirol Batzordeari ‘gazteria’ atala gehitu diote: “Gazteria jorratu beharreko atala dela deritzogu. Mallabia lako herrian batzorde berria sortzeari gehiegi iritzi genion, eta horregatik gehitu dugu batzorde horretara”, dio Mila Mondragon alkateak.
Auzoetako Batzordea zena, Herritarren Parte hartzerako, Komunikaziorako eta Auzoetako Batzordea izango da aurrerantzean. Ikuspegi horregaz, auzoen errealitatea ezagutzeko zein auzoetarako hartutako erabakiak jakinarazteko batzarrak auzoetan egiten ahaleginduko dira. Aldaketa horiek aho batez onartu dituzte udalbatzarrean.
Bi alkateordeak, berriz, honako hauek izango dira: Unai Uzuriaga eta Koldo Pradera, biak Bildukoak. UEMAko ordezkariak Bilduko Xabat Areitiourtena eta EAJko Itziar Garitagoitia izango dira.
Udalbatzarrak hiru hilerik behin egingo dituzte, hileko azken eguenean, 19:00etan.