Envasa enpresa itxi eta 34 langile kalean geratuko dira

Anboto 2011ko eka. 24a, 09:42

2008tik lege konkurtsalean egon da; langileek \'gestio txarra\' salatu dute

2008tik lege konkurtsalean egon da; langileek “gestio txarra” salatu dute.

 

Mallabiko Envasa enpresak ateak itxiko ditu, 35 urteko jardueraren ondoren. Besteak beste, poltsak eta plastikozko estalkiak ekoitzi izan dituen enpresa lege konkurtsalean sartuta egon da 2008az geroztik.

 

Egoerari ez diote bideragarritasunik aurkitu, eta zuzendaritzak zein administratzaileek enpresaren likidazio eskaera egin behar izan dute; merkataritza epaileak eman du dagoeneko baimena. 34 langile geratuko dira beharrik barik: 24 produkzioan eta 10 administrazioan. Oraindik, heltzen diren heinean, lan txiki batzuk egiten dihardute, baina langileek badakite “egoerak ez duela atzerabueltarik, eta datorren hilean ez bada irailean itxiko da”.

 

Enpresan enplegua erregulatzeko espediente bi izan zituzten 2006tik 2008ra. Ondoren, lege konkurtsalean sartu zen. Administratzaileen bideragarritasun planak ez zuen enpresa suspertu.

 

Langileen ordezkarien esanetan, “produkzio eskaerak izan dira, baina materiala erosteko ez zegoela dirurik eta antzeko aitzakiak ipini izan dituzte; gogo handiagoa ikusi diegu enpresa ixteko, irtenbideak bilatzeko baino”. Kalte-ordainak Fogasan —Lan Ministerioko organoa—  zehaztutakoaren arabera jasoko dituzte; gutxi gorabehera, urtebeteko soldata gordina.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!