Plan Orokorraren proposamena kaleratuko du udalak

Anboto 2011ko api. 5a, 13:22

Plan Orokorrerako aholku batzorde edo kontseiluak erredaktatu du proposamena, eta herritarrei helaraziko diete banaketa, erakusketa eta internet bidez. Aitor Loiola alkateak ondorio nagusiak eta hurrengo urratsak azaldu ditu prentsaurrekoan

Plan Orokorrerako aholku batzorde edo kontseiluak erredaktatu du proposamena, eta herritarrei helaraziko diete banaketa, erakusketa eta internet bidez. Aitor Loiola alkateak ondorio nagusiak eta hurrengo urratsak azaldu ditu prentsaurrekoan. \"Herri bizia eta bizigarria\" izan gura du Mallabiak. Datozen 10 urteetarako balioko duen Hiri Antolamendurako Plan Nagusia erredaktatzeko hainbat irizpide finkatu dituzte: herriaren identitatea eta egitura mantentzea; bloke natural, historiko, etnografiko, paisajistiko eta kulturalak babestea; auzoak sendotzea; mugikortasun iraunkorra bultzatzea; garapen jasangarriaren aldeko apustua egitea; sektore sozio-ekonomikoen arteko garapen orekaturen aldeko apustua egitea; eraikitako ondarea leheneratzea eta optimizatzea; etxebizitza politika herritarren beharrizanen araberakoa izatea eta ekipamenduetan herriaren beharrizanei erantzutea. Bestalde, auzoak sendotu eta herri zein auzo nortasuna mantendu gura dute, Mallabiaren izaera kontuan hartuta. Irizpideen arabera, hainbat lehentasun markatu dituzte. Herrigunea zabaltzea aurreikusi dute, Kalbario, Roke Deuna eta Askaldea eremuetan etxebizitzak eraikiz. Lehen biak kontuan hartuz, 76 etxe –horietatik 68 tasatuak– eraiki gura dituzte; Kalbarion erortzean dauden eraikinak bota eta 36 egingo liratezke, eta Roke Deunan 40. Askaldea, herrigunea luzatzeko etorkizuneko aukera litzateke, 47 etxebizitza altxatzea posible litzatekeelarik. Areitio, Goitondo eta Urtiako industriguneetarako, Debabarreneko LZPak 70 hektareako zabalpena aurreikusten du; udalak, 7,29koa ezarri gura du. Aitor Loiolak adierazi duenez, \"proposamen errealistagoa\" da, hazkunde hori \"kontrolatua\" izan behar dela uste dutelako. Lurzoru natural, nekazaritzako edota basoko lurrak gorde eta garapen jasangarria bermatzea dute helburu. Ekipamenduei dagokienez, Loiolaren iritziz \"aurrerapausua\" izan da frontoi berria eta kiroldegia sortzea, baina oraindik ere zenbait behar badituztela argitu du. Lehentasunen artean, nagusientzako eguneko zentroa zabaltzea eta elizako arkupea babesgune zein kultur ekitaldietarako bilgune bihurtzea leudeke. Mugikortasunaren gainean ere egin dute azterketa. Mallabarrenan disuasio-aparkaleku bat egitea eta bertan autobus geltokia jartzea aurreikusten dute. Trenaren kasuan, herrigunean geltoki bat eraikitzea eskatzen du udalak, \"gehiegizko trafikoari aurre egiteko\". ETS udalaren proposamena aztertzen dabil, baina \"krisi garaiagatik proiektua atzeratu\" egin daitekeela uste du Loiolak. Oinezko eta bizikletentzako bide-sarea zabaltzea, eta San Roke eta Mallabarrena arteko bidea autoei ixtea dira beste neurri aipagarri batzuk.

Proposamenaren zabalpena

Proposamena oinarri duen aldizkaria banatu berri dute etxez etxe. Gainera, eduki eta irudiz osaturiko panelak egin dituzte, eta datozen bi domeketan herrigunean ipiniko dituzte erakusketa moduan. Interneten ere eskura daude, txosten, plano eta azterketa guztiak, www.mallabiadenonartean.org helbidean. Udalaren asmoa prozesu parte-hartzailea garatzea da, eta batzar informatiboak antolatu dituzte. Hilaren 7an, 19:00etan, Plan Orokorraren aurrerapenaren aurkezpena egingo dute kultur etxean. Hilaren 12an eta 19an, toki berean eta ordu berdinean, etxebizitza eta ingurumenari eta jarduera ekonomikoari buruz ariko dira.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!