Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 550 haur eta heldu batuko dituzte

Anboto 2011ko mar. 17a, 12:52

Salgai ipinitako lehenengo egunean saldu zituzten sarrerak; ikuskizuna gaur, 18:30ean, hasiko da.

Salgai ipinitako lehenengo egunean saldu zituzten sarrerak; ikuskizuna gaur, 18:30ean, hasiko da. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek goraino beteko dute Mallabia I pilotalekua, gaur, 18:30ean hasiko duten ikuskizunean. Honako hau ez da Mallabia bisitatzen duten lehenengo biderra, baina, hala ere, ikusmin handia eragin du hiru pailazoen etorrerak. Salgai ipinitako 550 sarreretatik ia guztiak egun horretan bertan saldu zituzten; hurrengo egunerako 20 bakarrik geratu ziren. Ekimena udalak antolatu du, eta aurtengo apirilean Korrikak Mallabiko lurrak zapalduko dituela aprobetxatuz, ikuskizuna Korrika Kulturalaren barruko ekimen legez kokatu dute. Horrela, euskararen alde urte birik behin ospatzen den Korrikari laguntza eta bultzada eman gura izan dio Mallabiko Udalak. Udal ordezkariek adierazi dutenez, iaz ere ahalegindu ziren Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna kontratatzen, baina egutegi osoa beteta zutelako ezin izan zuten Mallabira etorri. Aurten urtarrilean hasi ziren kontratazio lanetan, eta orduan zehaztu zuten eguna ere. J.D.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!