Udalsarea 21 saria jaso du Mallabiak

Anboto 2010ko abe. 7a, 09:06

Mallabiak 2010eko Udalsarea 21 saria jaso du Ekoberrikuntza kategorian.

Mallabiak 2010eko Udalsarea 21 saria jaso du Ekoberrikuntza kategorian. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzalu buru izan duen ekitaldian banatu dira sariak, Euskal Udalerrien Tokiko Agenda 21en 8. jardunaldiaren harira. Udalsarea 21 sariek Tokiko Agenda 21en eremuan udalerriek egindako lana eta EAEko iraunkortasun jardunbide egokienak, udalerri mailakoak, aintzatesten dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko 46 udalerrik aurkeztu dute hautagaitza, eta haietatik 15 aukeratu ditu epaimahaiak finalerako. Hamabost horietatik bost izan dira Udalsarea 21 sarien irabazleak, eta, beraz, iraunkortasunaren arloan udal bikainak: Legazpi, Klima Aldaketa kategorian; Amurrio, Biodibertsitatean; Azpeitia, Iraunkortasunerako Hezkuntzan; Zornotza, Ekintza Eredugarrian eta Mallabia, Ekoberrikuntzan. Sari banaketan Pilar Unzalu sailburuak nabarmendu duenez, \"Udalsarea 21eko 165 udalerriek, beren Tokiko Ekintza Planekin, lanean dihardute herritarren bizi kalitatea hobetzeko, helburu argi batekin: motorrik gabeko mugikortasuna, tokiko ekonomia bizia eta aisialdirako espazio berdeak sustatzen dituzten udalerri eta hiri iraunkorragoak eraikitzea\". Ekoberrikuntza kategorian Mallabiko Udala izan da garaile. Mallabiko Udalak aurkeztutako ekimenak ekosistema naturalen antolaketa Goitondo industrialdean aplikatzea du helburu. Goitondo industrialdean Ekosistema izeneko proiektutik Ekintza Plan bat atera da. Ekintza plan horrek industrialdeko enpresen lankidetza sustatu gura du baliabideen kostuak murrizteko, hondakinak berrerabiltzeko eta materialen garraioari, mugikortasunari eta enpresen jardunbide egokien trukeari eta horiek ikasteari dagokienez, baterako ekimenak proposatzeko. Arrasateko unibertsitateak eta Debegesak Mallabiko Udalari proiektu hau martxan jartzen lagundu diote. Aitor Loiola alkateak azaldu duenez, \"bide onetik goazen adierazgarri da eta bide beretik jarraitzera bultzatzen gaitu. Proiektua saritua izan da eta orain apurka-apurka martxan jartzea aurreikusi dute. \"Ea Goitondoko enpresak, udalak eta erakundeok bat egiten dugun hau aurrera ateratzen\", azaldu du Loiola alkateak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!