Kirol taldeak babestu guran, hitzarmena Servandok eta udalak

Anboto 2010ko urr. 16a, 09:00

Akordioaren onuradunak Mallabiko herriaz gainera, Mallabiko Pilota Eskola eta Mallabiko Futbito Kirol Taldea direla jakitera eman du Aitor Loiola alkateak.

Herriko kirol taldeak bultzatu guran, Hierros Servando enpresak eta Mallabiko Udalak urriaren 4an hitzarmena sinatu zuten. Akordioaren onuradunak Mallabiko herriaz gainera, Mallabiko Pilota Eskola eta Mallabiko Futbito Kirol Taldea direla jakitera eman du Aitor Loiola alkateak. Hitzarmenak dioenez, Hierros Servando enpresak lau urtean 24.000 euroko diru-laguntza emango die bi taldeei; hau da, urtean talde bakoitzak 3.000 euro jasoko ditu. Hierros Servandok hein batean edo osorik finantzatutako jardueretan ageri-agerian jarriko dute enpresaren izena. Urte amaieran, bi aldeak bildu egingo dira urteko ekintzen balorazioa egin eta hitzarmena aztertzeko. Udalaren berbetan, Mallabian errotutako enpresa honetan herriko hainbat lagunek lan egiteaz gainera, \"ezaguna da azken urteetan gure inguruan metalaren berreskurapen, birziklapen eta kudeaketaren inguruan egiten duen lanagatik\". Gaineratu dutenez, \"enpresa honek konpromiso argia hartu gura du Mallabiko herritarren ongizateagaz eta garapenagaz, batik bat kultur eta kirol garapenagaz\". Futbito taldea kategoriaz igo da hiru urteetan jarraian. Gaur egun, Euskal Ligan parte hartzen du. Mallabiko Pilota Eskolan bi aldiz munduko txapeldun izan den Itsaso Praderak jokatzen du, eta iaz Bizkaia eta Euskal Herri mailan lorpen garrantzitsuak izan zituzten.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!