Euskara herrien bihotzetara eramango du UEMA egunak ekainaren 12an

Anboto 2010ko eka. 2a, 14:32

Ekainaren 12an UEMA -Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea- jaia ospatuko dute Mallabian. Gaur egin dute ekitaldien aurkezpena eta \"inguruko elebidunei eta, zergatik ez, elebakarrei\" gonbita luzatu die Itziar Garitagoitia Orraittio euskara elkarteko kideak. Oihana Onaindia Mallabiko kultura zinegotziak mankomunitatearen sorrera gogoratu du: \"19 urte igaro dira 18 udalerri euskaldunek mankomunitatea sortu zutenetik\". Harrezkero, \"gogotsu, baina oztopoz beteriko bidea\" gainditu behar izan dutela azaldu du. Hala ere, oraindik \"urrats gutxi\" batzuk baino eman ez diren arren \"euskararen normalkuntzan aurrerapenak egin direla\" esan du: \"Baina ez da nahikoa. Gure helburua lortzeko indarrean dagoen hizkuntza politika arautzen duen marko juridikoa aldatu behar da\". David Cobos Atxondoko alkateak azken hiru urteetan UEMAra herririk gehien batu den eremua Durangaldea izan dela gogoratu du, \"Mallabiako batzar nagusien ondoren Izurtza ere batuko baita\". UEMA egunari dagokionez, hilaren 12an Xabier Mendigureni bere ibilbideagatik egingo dioten aitortzagaz hasiko dituzte ekitaldiak. Bazkari herrikoiaren ostean kantu saioa egingo dute. 12:00etan Xiba jokoak egingo dituzte plazan; 18:00etan eta 23:00etan Erlazi eta Damu Dot taldeen kontzertuak daude plazan. Gaztetxoentzako ere hainbat ekimen prestatu dituzte. [img]http://www.anboto.org/images/7700/7705/1.jpg[/img]
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!