'Oh happy day'-ko finalean lehiatuko da Mallabia gaur

Anboto 2010ko api. 24a, 11:00

Finala zuzenean ikusteko pantaila erraldoia jarriko dute 22:00etan frontoian. Saioan zuzeneko konexioak egingo dituzte jaiko giroa platotik ezagutzeko. Arratsaldetik hasiko da giroa berotzen, trikipoteoa eta afariagaz.

Jasokunde abesbatza Oh happy day saioko finalera heldu da. Mallabitar guztien artean ikusmin handia sortu du ETB1eko abesbatzen lehiaketak. Mallabiko taldeak, urtarrilean telebistako platoa lehenengoz zapaldu zuenean, ez zuen itxaroten finaleko norgehiagokara heltzea. Astigarraga eta Eibar izango dituzte aurrez aurre zuzenean, gaur gaueko 22:00etan emitituko den finalean. Iratxe Uribelarrea abesbatzako zuzendariak azaldu duenez, adin askotako kideak daude abesbatzan eta esperientzia horrek hartu-emana estutzeko balio izan die. Mallabian, baina, jaiari trikipoteoagaz 20:00etan hasiera emango diote. Herri-afarian 21:00etan elkartuko dira. Finala zuzenean ikusteko pantaila erraldoia jarriko dute 22:00etan frontoian. Saioan zuzeneko konexioak egingo dituzte jaiko giroa platotik ezagutzeko. Trikileku taldeak 00:00etatik 02:00etara tabernaz taberna ibilbidea girotuko du, eta abesbatzako kideei harrera egingo diete herrira heltzean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!