BI-633 errepidean lur azpiko pasabidea eraikitzea proposatu diote Aldundiari

Anboto 2010ko mar. 4a, 14:39

Gerea, Goita, Zengotita eta Osma auzoetako bizilagunak kexu dira BI-633 errepideak sortzen dizkien arazoak direla-eta.

Gerea, Goita, Zengotita eta Osma auzoetako bizilagunak kexu dira BI-633 errepideak sortzen dizkien arazoak direla-eta. Errepidea egin zenetik, behin eta berriz jardun dute baserrietako eta auzoetako sarrera-irteera egokiak eskatzen. Auzokideen berbetan, \"ezezkoa jaso dugu orain arte, eta nahikoa arazo izan dugu, bai animaliekin ibiltzeko orduan bai oinez ibiltzerakoan ere\". Gaineratu dutenez, lehenago Oizera eramaten zituzten animaliak, baina orain, lau errei zeharkatu behar dituztenez, ezin dituzte eraman. Oraintsu ekin dio Foru Aldundiak herrian arriskutsuak diren puntuak konpontzeari, bidegurutzeak moldatuz. Sarrerak eraikitzen dabiltza Trabakun, Goitan eta Osman. Auzokoen esanetan, baina, \"ez diote irtenbiderik eman gura betiko arazoari, eta egin gura dituzten konponketak autoak baino ez ditu kontuan hartzen: \"Foru Aldunditik adierazi digutenez, inguru honetan bizilagun gutxi dagoenez, ez du merezi inbertsio handietan sartzea\". Jasotako erantzuna ez dute ontzat eman Mallabiko auzo hauetan bizi direnek. BI-633 abiadura handiko errepidea dela kontuan hartuta,\" ia ezinezkoa egiten da bide horretan ibiltzea\", salatu dute bertako bizilagunek. Goita eta Gereako auzokideek, esaterako, lau errei zeharkatu behar dituzte beste aldean dagoen geltokian autobusa hartu ahal izateko. Eskatzen duten irtenbidea errepidea gurutzatzeko lur azpiko pasabidea eraikitzea da. Dagoeneko herrian sinadurak biltzen hasi dira, Foru Aldundiari eskaera egiteko, eta erantzuna ezezkoa izanez gero prest ei daude bestelako mobilizazioei ekiteko. Mallabiko azokide hauek diotenez, aspalditik dabiltza konponbidea aldarrikatzen. Orain herritarrak batzartzen hasi direla azaldu dute, errepideko arazoari irtenbidea bilatu guran.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!