"Bilbo, Donostia eta Gasteizko markesinetan gaude!"

Anboto 2010ko urt. 24a, 12:00

Kaiku esne markaren azken kanpainan parte hartu dute Ruben, Eneritz eta Eirek.

Telebistan ikusiko zenituzten, eta irratian entzun. Kaiku esne markaren azken kanpainan parte hartu dute Ruben, Eneritz eta Eirek. Ruben jaio aurretik hasi zen bere aita esne ekoizpenean profesional moduan. Gaur egun, lan horretan jarraitzen du Rubenek. Familia osoarekin egon gara iragarkiari eta esne ekoizpenari buruz berba egiteko. Azken asteotan famatu egin zarete. Jende asko gerturatu da galdezka. Gehienek ea zenbat kobratu dugun galdetzen dute. Ez dugu erantzuten. Esnea apur bat gehiago pagatuko balute... gu pozik. Denetik esaten digute. Izeko batek gu ikusteaz aspertuta dagoela dio! Zelan egin zizueten iragarkia egiteko proposamena? Lehenengo, abuztuan deitu ziguten esanez Kaikuko gerenteak gure izena proposatu zuela kanpaina baterako. Argazki batzuk atera genituen, eta abendu hasieran tetrabriketan agertu ginen. Handik gutxira, berriro deitu zuten spota egingo ete genuen galdezka. Eta birritan pentsatu barik, animatu! Hasieran argazki batzuk bakarrik izango zirela uste genuen, baina kontua gero konplikatzen joan da, eta konturatu orduko... itzelezko kanpaina da! Bilbo, Gasteiz eta Donostiako markesinetan gaude! Gustatu zaizue zelan geratu den? Norberak bere burua beti ikusten du arraro. Lehenengoz irratian entzun genuenean ere esan genuen: "Hau ni naz?". Telebistan ere, jendeak dio ondo, natural agertzen garela, baina norberak bere burua estu ikusten du. Onik ez duzu ezer ikusten, dena akatsak ikusten dituzu. Toma faltsu asko egin zenuten? Hiru ordutan dena eginda geneukan, eta, esan digutenez, hori nahiko arin egitea da. Kanpainan beste batzuekin denbora gehiago egin zuten, urduri jartzen zirelako. Zelan bizi izan du hau dena Eirek? Hau kanpolarrosa da, bere saltsan egon da! Tetrabrikean argazkian agertu da... Urtebetera orduko jada famatu! Telebistan ikusten gaituenean, harritu egiten da. Noiztik zabiltzate esne produkzioan? Ruben: Ni betidanik. Gure aita ni jaio baino arinago hasi zen honetan profesionalki, orain dela 36 edo 37 urte. Kalean be saltzen duzue? Aspaldi bai, baina orain ez. Orain batzuetan marokoarrak eta ekuadortarrak etortzen dira esne eske. Marokoarrek mantekilla estiloko jaki bat egiten dute esne horregaz, eta pilo bat etortzen dira. Neguan ez dira ia etortzen, antza hotzagaz kostatu egiten delako jaki hori egitea. Udaberri-uda bueltan etorri eta etorri egiten dira; egun batean 20 pertsona igual. Hemen ingurukoak izaten dira, baina Arrasatetik eta Soraluzetik be etorri izan zaizkigu. Euren artean segituan zabaltzen dira halako kontuak. Zelan ikusten duzue esne ekoizleen egoera? Orain bertan gehienok galerak dauzkagu. Denok inbertsio asko eginda daukaguzenez, ezin dugu beste barik "txiringitoa itxi" eta beste zeozer egiten hasi. Ahal duzun neurriraino eutsi egiten diozu. Baina orain bertan deskapitalizatzen gabiltza. Etorkizuna, beraz... Beltz ikusten dugu. Gainera, gero eta gazte gutxiago dago esnea ekoizten. Lehen herrian hogeita piku baginen, orain bi baino ez gara, eta bestea laster jubilatu egingo da...
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!