🎯Ahozko azterketa ate-joka
Ekainaren azken egun hauetan, urduritasun sentsazio hori bueltan da. HABEren ahozko probak ate-joka daude. Zorionak! Azken txanpan zaudete. Badakigu mintzamena dela, askotan, errespetu edo beldur gehien ematen duen zatia, baina lasai egon! Klasean ehunka bider aipatu ditugun aholkuak, beste behin praktikan jartzeko momentua heldu da.
📋Azterketa eguna baino lehen egitekoak:
- 🗣️Jendaurrean hitz egin behar dugunean, zenbat eta entsegu gehiago egin, orduan eta kontrolatuago izango dugu egoera eta geure burua, beraz, lasaiago egongo gara. AHAL BESTE AHOZKO EGIN hemendik eta azterketa egunera arte. EUSKARAZ BIZI.
- 🎥Sarritan esaten dizuegu ahozkoa egiten duzuenean ZEUEN BURUA BIDEOZ GRABATZEKO etxean, zein ikaskideekin. Grabaketak bi helburu betetzen ditu. Batetik, norberak uste duena baino hobeto egiten dela ikustea; bestetik, sistematikoak diren akatsak (errepikakorrak) identifikatu eta zuzentzeko aukera ematea.
- 🧐BIRPASATU EGINDAKO AHOZKO GUZTIAK: begiratu aurreko deialdietan atera diren gaiak. ezinezkoa da guztiak aurreikustea, baina ohiko gaiak izaten dira. Birpasatu erabilitako ideiak eta lexikoa. Inoiz gairen batekin ez baduzue jakin zer esan edota argudio pobreak erabili badituzue, informazioa bilatu, bete argudioen maleta.
⏱️Azterketa egunean egitekoak:
Azterketa egunean, egizu normalean egiten duzuna. Saia zaitez azterketa izango den tokira lehenago heltzen (30 minutu), azken uneko ezbeharrak eta horrek ekar lezakeen urduritasuna ekiditeko. Horretaz gain, ez ahaztu boligrafoa eta nortasun agiria eramatea.
Behin azterketa barruan zaudetenean, hona hemen gogoratu beharreko bi kontu:
- ONDO PRESTATU! Hau da, prestatzeko ematen den denbora fundamentuz erabili. 📋ESKEMA egin. Ideia nagusiak eta azpi-ideiak ondo antolatu, hurrenkera logikoa jarraitzen dutela ziurtatu. Gogoratu eskema lagungarria dela eta ezin dugula diskurtso guztia irakurri.
- Hitz egitea tokatzen zaizuenean, jarraitu egindako eskema eta, ahal dela, ez inprobisatu, oso arriskutsua da-eta. Izan ulergarriak, zentzudunak, koherenteak eta argiak. Gogoratu hobe dela ondo erabilitako esaldi arruntagoak erabiltzea, esaldi “marabillosoa” hankaz gora esatea baino!
- Akatsen bat egin duzula konturatzen bazara, zuzendu berehala diskurtsoarekin jarraitu eta ez jarri urduriago. Ez da komeni behin eta berriro auto-zuzentzen ibiltzea, jariotasunean eragina izan dezakeelako.
- AHOZKOA EZ DA LEHIAKETA, beraz, saiatu azterketa kideari laguntzen eta ez zapaldu haren jarduna. Hau da, elkarren lana errespetatu, batez ere elkarreraginean.
ZORTE ON!