Euskara ikastea bidaia zirraragarria da, baina askotan, hizki eta zenbaki artean (A1, B2, C1...) pixka bat galduta senti gaitezke. Zer esan nahi du benetan "B2” bat izateak? Zornotzako Barnetegian badakigu garrantzitsuena ez dela titulua bakarrik, gaitasuna baizik. Jarraian, HABE mailen mapa labur bat egingo dizugu, bidean non zauden hobeto ulertu dezazun.
Maila bakoitzaren deskribapena: Zer egiteko gai izango zara?
Euskarako gaitasun mailak Europako Erreferentzia Markoaren arabera banatzen dira. Hona hemen egunerokoan nola itzultzen diren:
- Hasiberriak (A1-A2): A1 maila (hasierakoa) Euskararekin lehen harremana da: "Kaixo, zer moduz?". Oinarrizko esaldiak eta eguneroko hitzak ulertu eta erabiliko dituzu, eta oinarrizko beharrak asetzeko gai izango zara: agurtu, norbere burua aurkeztu, denda batean erosi edo jatetxe batean eskatu. A2 mailan (oinarrizkoa), zure esparru hurbilean (familia, erosketak, lana) komunikatzen ikasiko duzu. Elkarrizketa errazetan parte hartuko duzu.
- Independenteak (B1-B2): Hemen hasten da "martxa". B1 mailarekin (tartekoa / Independentzia bidean), gai ezagunei buruzko testu argien puntu nagusiak ulertu eta testu soilak osatuko dituzu. Eta, adibidez, Euskal Herrian bidaiatzean sortzen diren egoera gehienetan moldatzeko gai izango zara. B2 mailara iristean (aurreratua / independentzia), gai konplexuen eta abstraktuen ideia nagusiak ulertu eta testu zehatzak sortuko dituzu. Hiztun natiboekin zein lagunekin naturaltasunez komunikatuko zara.
- Adituak (C1-C2): Maila gorenak dira. C1 mailarekin (EGAren parekoa, gaitasun profesionala), euskaldun osoa izango zara. Testu luzeak eta zorrotzak ulertuko dituzu. Ia edozein egoeratan eroso arituko zara, baita eremu akademiko edo profesionalean ere. C2 maila (adituaren maila) bikaintasuna da: ñabardura guztiak ulertu eta hizkuntza sormenez eta zehaztasun osoz erabiliko duzu adituen mailan.
Zer ikasi maila bakoitzean
Ikasketa prozesua pixkanakakoa da eta trebetasun guztiak (mintzamena, idazmena, entzumena eta irakurmena) lantzen dira. Besteak beste, honako hauek ikasiko dituzu:
- A1 mailan: Oinarrizko hiztegia (familia, etxea, koloreak, zenbakiak, adjektiboak), alfabetoa, oinarrizko deklinabidea eta oinarrizko aditzak orainaldian.
- A2 mailan: hitz luzeen ahoskera, oinarrizko lokailuak, denborazkoak, orduen deklinabidea, oinarrizko nominalizazioa, zalantza-adberbioak, postposizio batzuk, oinarrizko atzizkiak, oinarrizko aditz trinkoak, iraganeko oinarrizko aditzak, agintera errazak, harridurazko perpaus laburrak, oinarrizko konpletiboak, erlatibozkoak, konparazio errazak, helburuzkoak, kausalak, kontzesiboak… Ikasleak kontaketa sinpleak egiten ikasten du.
- B1 mailan: bizidunen deklinabidea, deklinabide konplexuagoak, elkar, noren burua, banatzaileak eta zatikiak, atzizki asko, ideiak lotzeko lokailuak, ere partikula, ondoriozkoak, zehar estiloa, oinarrizko ahalera, baldintzak eta nominalizazioa, menpeko esaldi asko. Garrantzia handia ematen zaio koherentziari eta elkarrizketa mantentzeari. Ikasleak gertaerak eta gustuak zabal adierazten ditu.
- B2 mailan: azentua, hiztegi orokorra, deklinabide indartua, birdeklinabidea, hitzen elkarketa batzuk, aditz trinko konplexuak, baldintza hipotetikoa, ahalera konplexuagoak, subjuntiboa, arazi, mendeko perpausa konplexuagoak. Gramatikaren ezagutza handia lortzen da maila honetan. Eta ikasleak iritzia ematen ikasten du era sinplean.
- C1 mailan: Idazkera dotorea, sinonimoak, esaera zaharrak eta erregistro desberdinetara (formala vs informala) egokitzeko gaitasuna lortzen du. Ia gramatika osoa menderatzen du.
- C2 maian: ikasleak adituaren mailan komunikatzen du, zuzentasun osoz, eta gramatika estrategikoki erabiliz.
Hurrengo mailara igarotzeko aholkuak
Maila batetik besterako jauzia handia iruditu daiteke, baina gakoa konstantzian dago. Hona hemen gure gomendioak:
- Murgildu zaitez: Etorri barnetegi batera! Ez dago ezer hoberik 24 orduz euskaraz bizitzea baino maila igotzeko.
- Bakarkako lana: Irakastorduez gain bakarka eta erabilera askean emandako denbora ere garrantzitsua da. Ikusi zenbat ordu aurreikusten duen HABEk maila batetik bestera pasatzeko.
- Kontsumitu euskara: Entzun irratia (Euskadi Irratia, Gaztea), ikusi serieak edo irakurri prentsa. Ikasbil atarian ere zure mailarako egokiak diren jarduerak, dokumentuak eta baliabideak dituzu eskura.
- Galdetu beldurrik gabe: Akatsetatik ikasten da gehien. Barnetegian, hanka sartzea da bide bakarra zuzen hitz egiten ikasteko.
- Informazio ofiziala: HABEren webgunean euskalduntzeari eta azterketei buruzko informazio guztia aurkituko duzu.
Zure maila zehazki zein den jakin nahi duzu hasi aurretik? Zornotzako Barnetegian prozesua erraztu nahi dizugu: zure maila ezagutzeko aukera duzu esteka honen bidez gure galdetegia beteta.
Ez kezkatu, guk lagunduko dizugu zure euskara menperatzeko bidean! Zatoz gurekin euskaraz gozatzera.