Garaitza, jendarteak heldu nahi ez dion erronkari aurre egiteko elkartea. “Gaia modu irekian landu behar da, tabu-a izan ez dadin”

Erabiltzailearen aurpegia Zaindu Zaindu 2021ko mar. 2a, 10:57

IBAIZABAL IKASTOLAKO HH2KO ZAINDU TALDEA


GARAITZA, JENDARTEAK HELDU NAHI EZ DION ERRONKARI AURRE EGITEN DION ELKARTEA.



 
“Gaia modu irekian landu behar da, tabu-a izan ez dadin”

Ikusten ez den hori ere gertatzen ari da.


Bost pertsonetatik batek pairatzen ditu sexu-abusuak haurtzaroan edo nerabezaroan. Uste duguna baino gehiago dira eta askotan ez dute bizi izan zuten horrek utzitako ondorioentzako erantzunik aurkitzen inon. Garaitza elkartea haurtzaroan sexu-abusuak pairatu dituzten pertsonentzako espazio gisa sortu zen. Bere esperientziei ahotsa ematen, beldurrak, erruak eta lotsak gainditzen eta bizimodu “normala” egiteko behar diren baliabideak lortzen laguntzeko.


Garaitza, espazio espezializatu bat izateko beharraren ondorioz sortutako elkartea.

 

Garaitza 2010. urteko abuztuan Bizkaian sortutako haurren sexu-abusuen aurka lan egiten duen irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Hamaika urte beteko dira laister, haurtzaroan sexu-abusuak pairatu dituztenei laguntzen eta baita prebentzio eta sentsibilizazio lanak egiten ere hasi zirenetik. Elkarteko zuzendaria den Carmen Escudero-k,  sortutako elkartea da. Eta berarekin batera, esparru ezbedinetan aritzen diren hainbat langilek eta gaiaren inguruko prestakuntza espezifiko handia jaso duten bolondresek osotzen dute lantaldea.Boluntarioetako bat, hezkuntza esparrutik datorren Ander Fernandez dugu eta elkartearen prebentzio arloko arduraduna da.

 

Guk bera elkarrizketatzeko aukera izan dugu eta hau da Garaitza elkartearen sorreraz hitz egiterakoan esan diguna: haurren sexu-abusuaren intzidentzia oso altua da. Bost pertsonetatik batek pairatzen ditu sexu- abusuak haurtzaroan edo nerabezaroan. Baina, kontrara, gutxi dira gai honekin zehatz-mehatz lan egiten duten elkarteak. Ander-en hitzetan, “pertsona askok pairatu dituzte sexu-abusuak haurtzaroan eta ez dute erantzunik inon aurkitzen honek uzten dituen ondorioei aurre egiteko. Horregatik, sexu-abusuak jasan dituzten pertsonentzako gune gisa sortu zen elkartea”. Horri esker, gaur egun,120-150 pertsona inguru dira Garaitzan urtero laguntza jasotzen dutenak.


Beraz, laguntza eta tratamendurako dauden baliabideak urriak dira. Garaitza elkartea Bizkaian dago eta badaude estatuan  beste gutxi batzuk ere, hala nola, Valentzian eta Bartzelonan. Badaude baita haurrekin lan egiten duten beste elkarte asko ere, baina beste esparru batzuk ardatz dituztenak. Adibidez, indarkeria matxistaren prebentzioan aritzen diren elkarteak. Baina,  esan bezala, oso gutxi dira gai honetan espezializatutako elkarteak. Horregatik, Garaitzan estatuko hainbat leku ezberdinetako pertsonak laguntzen dituzte.

 

Laguntzeko eta baita jendartearen kontzientzia astintzeko ere lanean.

 

Elkarte honen lana haurtzaroan sexu-abusuak jasan dituzten helduen tratamenduan, orientazioan eta laguntzan oinarritzen da batez ere, baina horretaz gain, formakuntza, prebentzio eta sentsibilizazio lanak egiten ditu baita ere. 

 

Tratamenduari dagokionez,Sexu abusua jasandako 18 eta 80 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Alde batetik, orientazioa eta aholkularitza eskaintzen dute eta bestetik, banakako terapia saioak, elkarri laguntzeko eta garapen pertsonaleko taldeak eta baita bizitako esperientzien ondorioak sendatzeko bidean egiten direnak ere.  Ondorio hauek benetan latzak baitira eta pertsonaren esparru guztietan eragiten baitute. Anderrek aipatu dizkigun adibideen artean “bulimia, anorexia... -elikadura-nahasteak ere abusuarekin lotuta daude-, autolesioak, bere buruaz  beste egiteko ahaleginak…” daude. Bestalde, “haurren sexu-abusuaren biktimek ere trauma ondorengo estresa pairatzen dute. Gauetako beldurrekin, amesgaiztoekin, gertaera behin eta berriz biziberritzearekin lotuta dago. Disoziazioa ere ondorioetako bat litzateke. Bada, azkenean, modu gordinean esanda, bizitza disfuntzionala da. Bizitzaren esparru guztietan eragiten du. Harremantzeko moduan, bizitzeko moduan.” 

 

 “Abusuen %85a familia barruan ematen da eta horrek  kontatzea zailagoa egiten du”. 

Baina, zergatik mantentzen dute pertsona hauek sexu-abusua isilpean hainbeste urtez? Ander-en aburuz,  alde batetik, “abusuen %85a familia barruan ematen da eta horrek  kontatzea zailagoa egiten du”. Bestetik,  erasotzailearen eta biktimaren artean ezartzen den sekretua dago, abusua pairatu duenak ezer esatea ezinezkoa egiten duena. Honetaz gain, kontutan izan behar dugu, sexu-abusuak haurrak txikiak izan direnean eman diren kasuetan batez ere, askotan ez direla gertatu zaien horretaz kontziente helduarora heltzen diren arte. 

 

Formakuntza, adingabeekin lan egiten duten edozein pertsonari dago bideratuta. Helburua esku hartu  ahal izateko tresnak eskaintzea da, sexu- abusuak ezagutzera emanez, antzemateko eta prebentziorako tresnak eskainiz. 

Gero eta gehiago dira formakuntza mota hau eskatzen duten sektoreak;  hezkuntza, osasuna, e.a. Honetaz hitz egiten ari ginela, hurrengoa azpimarratu digu Ander-ek: Haur batek sexuaren inguruko kontakizunen bat egiten duenean sinetsi egin behar diogu, oraindik ez baitauka ezagutzarik arlo horren inguruan. Garaitzak orain dela urte urte batzuk erabilitako leloan esaten duen moduan, gai honetan “haurrek ez dute gezurrik esaten”. Nerabeekin ere berdina esan dezakegu, ezagutza gehiago dituzten arren lotsak eta erruduntasunak isilik egotera bultzatzen dituelako.

                                           

Prebentzioa Garaitzan lantzen den beste esparruetako bat da. Alde batetik Garaitzak orientazioa eskaintzen dio haurren sexu-abusuen inguruko zalantzarik edo galderarik duen edonori. Bestetik, prebentzio ikastaroak eskaintzen ditu aurretik aipaturiko formakuntzen bidez. Izan ere, haurren sexu abusua zer den ezagututa eta haren atzean zer dagoen jakinda errealitate horretara hurbiltzea errazten du. 

 

Sentsibilizazio  hitzaldien bidez, haurren sexu-abusuak tabu izateari utzi eta berau ikustarazi eta jorratzeko espazioak sortzen ditu elkarteak. Izan ere,  mundu osoko biztanleriaren %20 ari eragiten dion arazo sozialaren aurrean gaude.  Beraz, eskaintzen dituzten espazio horren bitartez gaia arrunt bihurtzeko joera sustatzen dute , alde batetik, gai honek sortzen dizkigun larritasunari eta beldurrari aurre egitera lagunduz, eta,  bestetik,  mitoak apurtuz. Baina, zergatik da tabua gai hau? Hiru arrazoi nagusi azpimarratzen dizkigu Ander-ek: Familia, familia zoriontsuaren ideiarekin apurtzen duelako. Sexualitatea, ez delako sexu hezkuntza anitz eta zabal batez hitz egiten eta azkenik, haurrez hitz egiten ari garelako. 

 

Arlo judiziala: pairatutako sexu-abusuen ondorioetatik haratago ere, zailtasunak

Pairatutako abusuek eragindako ondorioei aurre egiteaz gain pertsona hauek badaukate zailtasun gehigarririk judizialki aurrera egin nahi badute behintzat. Hala ere, aurrera pauso handiak eman dira. 2020an  “Ley Orgánica de Protección Integral a la Infancia y  la Adolescencia frente a la violencia” proiektua onartu zuen Gobernuak. Lege honek ekarritako aldaketa nabarmenetako bat hurrengoa da: adingabeen aurkako sexu-abusuen preskripzio epea ez dela abusua pairatu duenak 30 urte betetzen dituen arte hasiko . Ordu-arte, abusatuak 18 urte betetzen zituenean hasten zen kontatzen eta delituak 5-15 urte geroago preskribatzen ziren larritasunaren arabera. Baina, nahiz eta, aldaketa hau aurrera pauso bat izan, elkarteek gutxiegitzat jotzen dute eta 40 urtetik aurrera kontatzeko eskatzen dute.

 

Bestalde, bigarren biktimazazioa deiturikoa daukagu, hau da, behin eta berriz testifikatu beharra daukate haurrek eta horrek emozio negatiboen etengabeko berbizipena sorrarazten die, autoestimuan eraginez eta erru sentimendua sortuz. Anderrek esan digunez, hau aldatzea eskatzen dute bai Garaitzatik , bai eta beste elkarte batzuetatik ere.

 

Bukatzeko, zera azpimarratzen digu Anderrek: judizialki zerbait egitea erabaki aurretik oso ondo informatua egotea, gogo handiak izatea eta lan asko egitea ezinbestekoa dela. Prozesu horrek ekarri  ditzakeen ondorioak oso gogorrak izan baitaitezke eta salatu duenaren kontra egin.

 

Beraz... 

Bidea luzea da eta lan handia dago egiteke, baina lehenengoa eta garrantzitsuena ikusten ez dugun hori ere gertatzen ari dela onartzea da. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!