Ibiltariak direla diot, bizi ditugun momentuotan, pausoen gaineko obsesioa gure irrati, telebista, aldizkari eta abarren jabe egin delako. Pausorik eman ezean ez dagoela zereginik; pausoa pauso dela, baina txikiegia; aurrean duguna pausoka baino jauzika ibili beharko litzatekeela besteen pare egoteko... Pausoa ez dela ezer, baina pausoka ibiltzea beharrezkoa dela, astiro bada ere, ibiltzea; ala ez?
Pausorik ez emateak, edo hobe esanda, ezin emateak, badu jauzi baten besteko balioa. Ehun eta hogeita hamar mila pertsona ezin pausorik eman Bilboko kaleetan. Duintasun jauzia izan zen hori. Inposaketa judizial eta politikoak gainetik pasa zituena, alderdiak eta blokeak, dispertsioaren kilometroak hustu zituen jauzia. Bilbon ezin zen pausorik eman irribarreek, elkarren ondoan jarrita, ez zutelako beste ezertarako tokirik uzten.
Eta hau da, nire uste apalean, pauso eta kilometroen metafisika absurdo honetan tertulia guztiei gainezka egiten dien errealitatea: ez da jaio kaleak pausorik ezin emateraino betetzen duen herriari etorkizuna ukatuko dion epaile, errege, presidente edo lege errepresiborik.