Asteburu oro gaizki lo egin semea/alaba, aita, neba/arreba, neska-/mutil-laguna... nola egongo ote den jakin ezinik. Aurkeztu behar diren dokumentu guztiak behin eta berriz errepasatu ezer ez ahazteko, osterantzean kalean geratzen baitzara. Errepideak ondo dauden ziurtatu, bidea luzea baita. Kotxea gasolinaz bete, bidesariak ordaindu, eta ehunka kilometro arretaz egin, istripurik ez izateko.
Hori da zoritxarrez familia askok pairatzen duten zigorra edo kondena bikoitza. Kondena bikoitza diot, beraien senideak pairatzen duten kondenaz gain, beraiek ere asteburu oro pairatzen baitute kondena, eta ezer egin gabe, gainera. Kontuan izan behar da legea ere ez dela betetzen, legeak dioenez preso bakoitza bere herritik hurbilen dagoen espetxean egon behar baita.
Durangon, kondena horrek, irailean, Asier Aginako euskal preso politikoaren senideak istripu bat izatera eraman zituen. Zorionez, bi senideak zauritu arren, oraindik, kontatu egin dezakete, beste senide batzuk bidean geratu baitira. Hain larria izanik pairatzen duten egoera, Durangoko herritar guztiena den udalera jo zuten senideek babes bila. Senideen nahia, gobernu taldearekin batu, eta hainbat batzarren bidez udalak gai honen inguruan hartuko duen jarrera adostea zen, bakoitzaren ikuspegiak adierazita eta akordioetara helduta.
Aldiz, alkate andreak senideekin elkartu zenean eskatu zien beraien eskaerak idazteko, eta bere alderdiko buruei helaraziko zizkiela. Eskaerak idatzi zituzten eta hilabete eta erdi itxaroten egon ostean erantzuna jaso zuten, hain zuzen ere, plenora doazen gaiak proposatzeko epea bukatzen den egun berean.
Azken ahalegin bat ere egin zuten senideek akordioetara heltzeko, eta PNV alderditik arazo bakarra ikusten zuten akordiorako, hain zuzen ere, informazio hau herritarrei zabaltzearena. Zergatik ez dute nahi informazio hau zabaldu eta jendeak gai honetaz hitz egitea? PP eta PSOE alderdiek argi utzi zuten beraien postura, eta PNVk?