Gure herriaz ari garenean, hau da, Euskal Herriaz, egoera berezi batean bizi garela inork ez du zalantzan jartzen. Hala ere, sarritan esaten den moduan, fikzioak errealitatea gainditzen du.
Aurreko astean harrituta geratu nintzen Anboto astekaria irakurtzerakoan PNVko bozeramailearen zutabera heldu nintzenean. Jaietan pankarta eta manifestazio ugari egon zirela zioen, eta bere ustez ez zen egokia horien presentzia. Jendeak pankarta eta manifestazio horiek ez ditu denbora pasatzearren egiten, baizik eta zerbait salatzeko beharra ikusten duelako. Zoritxarrez, gure herrian asko dira eta ia egunero salatu beharrekoak, eta gobernu desberdinetan daudenek, baita udaletxeetan gaudenok ere, salaketa horiek entzun, eta nola konpondu pentsatu behar dugu, aldiz, PNV alderdia salaketa horiek alde batera uztea eskatzen dabil.
PNV alderdia, orokorrean, azken aldian, iparra galduta ikusten dut. Herrira elkarteko kideak atxilotu zituztenean kontra alde agertu zirenean operazioarekin, adibidez. Ez dugu ahaztu behar, nahiz eta, publikoki operazioaren kontra agertu, Ertzaintza bidali zutela Guardia Zibilarekin batera operazioa burutu zezan. Ertzaintza, Eusko Jaurlaritzaren eskumena da, eta horrela izanda gobernu taldeak (PNV) aukera zeukan ez parte hartzeko, gainera ikusiz beraien ustetan ere operazioak ez zuela inongo zentzurik. Nola ulertzen da hori?
Ez dugu ahaztu behar Jaurlaritzan PNV eta Bildu alderdiek parlamentuko bi herenak dituztela, hau da, gehiengo abertzalez osatua dagoela. Gauzak horrela, kanpainan sarritan aipatzen zuten autogobernua indartzea kontu erraztzat hartu zitekeen. Aldiz, beraien abertzaletasuna gertuago dago PSOE eta PP alderdietatik, eta autogobernuaren lanketan, aurretiaz egondako 30 urteetan bezala dirau, geldirik. Nola ulertzen da hori?
PNV ez dago egoerak eskatzen duen maila ematen. Herritarren aurrean aurpegi bat erakusten ari da, eta beraien bulegoetan kontrakoa egiten dute. Baina jendea ez da inozoa, eta badaki euren karetak antzematen urrutitik. Ongi etorri Estrasburgo!