Kasualitatea izango da, baina, Durangoko Udalean udan agertzen dira gai korapilatsu gehienak. Iazko kurtso hasieran 300.000 euroko futbol zelai berri batekin harrapatu gintuzten ezustean. Era berean, aurten, trenaren lurperatzearekin libre geldituko diren lurretan zer egin proposatzea egokitu zaigu abuztua bukatzerako. Izan ere, lur horietan espekulatzen dabilen ETS enpresa publikoak urbanizazio lanak aurrera eramango dituela jakinarazi digu.
Gauzak horrela, Hirigintza batzordean erabakiko da Durangoren izaera definituko duen lur eremuan zer egingo den. Baina hau ez da berria. Badira zortzi bat urte Durangoko Udalak lur horietan zer egin erabaki zuela: luxuzko bost dorre, Zaha Hadid arkitekto ospetsuak diseinatutako tren geltokia bulegotarako eraikin batekin, eta nola ez, herri honek gaur guztiz beharrezkoa duen, eta Bilboko Apezpikugoak eraikiko duen eliza berri bat. Gezurra badirudi ere, ez nabil txantxetan!
Hartutako erabakiekin agerian utzi dute durangarron beharrizanei buruz ezer gutxi dakitela. Boterea nork bere kapritxoak beterearazteko erabiltzen den kasuetako adibide garbia duzue hori. Kontrara, herriak emandako boterea, herritarrei bueltatzea eta horrelako proiektuen egikaritzetan parte hartzeko aukera emateari beharrezkoa dela deritzot. Herritar guztion erantzukizuna delako Durangoren etorkizunaz debatitu eta “Operación Durango” delakoan aportatzea. Durangarrak gara, eta Durango maite dugu. Nola ez dugu bere bihotza diseinatzen lagundu nahiko? Baina esan bezala, hori alderdi politikoen bulegotan diseinatu zen bere garaian. Ondorioz, gaur egungo udalean parte hartze eredu bi aurki ditzakegu. Lehenengoa, 4 urterik behin buruturiko bozkek ematen dieten ustezko zilegitasunaz baliatzen direnena da, udaletxeko bulego ilunetan Durango- ri komeni zaiona erabakitzen dutenena. Bigarrena, Durangoren beharrizanak herritarrekin aztertu eta denon artean diseinatutako etorkizuna nahi dutenena.
Guk argi daukagu bigarren horren alde egingo dugula lan. Durangar senti- tzeko parte eman, parte hartu eta parte izatea nahitaezkoa dugulako.
Beraz, nolako etorkizuna nahi duzu Ezkurdi eta Durangorentzat?