Uztailean gaude, eta jai giroa da nagusi Euskal Herriko hainbat herritan. Urte osoan gogor lan egin ostean, merezitako oporrak heltzen doaz, eta hain bereziak diren jaietaz gozatzeko garaia da, merezi dugu.
Bereziak dira jaiak Euskal Herrian, eta ez bakarrik antolatzen diren jai erraldoiengatik; tokiko gobernu desberdinek hartzen duten jarrera ulergaitzengatik ere bai. Iruñean adibidez, San Ferminak 20 minutu berandu hasi ziren, ikurrin erraldoi bat zegoelako eta bertako gobernu taldeari (UPN) baita beste alderdiei –tartean Nafarroako PNVri (NaBai)– desegokia iruditzen zitzaielako ikurrinaren presentzia. Euskal Herrian!
Durangon, pasa den astean erabaki zen aurtengo San Faustoetan txosnek izango duten kokalekua; Pinondo. Urtero-urtero azken ordura arte ez denez kokapena erabakitzen, Txosna Batzordeak aurrea hartu eta uda hasierarako kokalekua aukeratuta egoteko eskatu zuen, eta horretarako toki desberdinak proposatu zituen. Aukeratzea tokatzen zen momentuan, harrituta geratu ginen ikustean Aralarrek eta guk (Bildu) bakarrik eman genuela gure iritzia, beste taldeak –PNV, PSOE eta PP– abstenitu egin baitziren. Ez zitzaien toki bat bera ere egokia iruditzen antza, edo agian, ez dituzte txosnak nahi, nahiz eta jaien bukaeran hiru alderdiek urtero esaten dituzten haien inguruko hitz politak.
Zergatik jarrera horiek? Beharbada, beraien kontroletik kanpo geratzen direlako, eta kontrolpean ez izate horrek urduri jartzen dituelako? Hori ardura falta da! Herritar guztien ordezkariak zarete, eta ez bakarrik zuen alderdietako jarraitzaileena. Gora jai parte-hartzaileak!!!