Pasa den asteko zutabean PNVko bozeramaileak esandako hitzek erabat harrituta utzi gaituzte. Bertan, Bilduren eguneroko lana eta gezurrak sinonimoak balira bezala aipatzen ditu bozeramaile andreak. Gezurretan edo egia ezkutatzen nor dabilen azaldu nahi dugu.
Bilduk ez dio “dirutza ederra” daukanik udal gobernuak, ondo baino hobeto dakizuelako ez dela egia. Aurreko urteetan exekutatutako proiektuak dira “soberakin” izenez ezagutzen direnak udal honetan, eta horiek ez dira aurrezkiak. Soberakin horietatik batzuk aipatu nahi ditugu (2005.urtetik arrastatzen gabiltzan San Fausto zentro zibikorako 2.456.119,24 € eta Urki Hegoalderako 1.294.475,74 €, haur eskola baterako 815.000 €, errotonda baterako 580.963,43 €…).
Zorrari dagokionez, alderdioi helarazi zaizkigun datu eta dokumentuen arabera, udalak 10.950.316,24 €-ko zorra dauka. Guk badakigu datu hori ez dela zuzena, jaso dugun dokumentazioan akatsak daudelako, baina 7 milioi ingurukoa dela esan genezake. Beraz, nor ari da gezurretan? Oraindik zenbait kreditu eta Landako Erakustazokako eraikina ordaintzen daudenean? Iaz zorretan geunden; aurten ere, zorretan gaude; eta udal kudeaketa aldatzen ez bada, urte batzuetan, zoritxarrez, horrela jarraituko dugu.
Oraindik, apirilaren 26 honetan, ez daukagu 2012 urteko likidazioko daturik, hainbatetan eskatu arren. Likidazioa heltzen zaigunean, jakingo dugu benetan udal honen egoera ekonomiko erreala zein den eta zenbatekoa den, 2013 urtera begira. Bildutik argi daukaguna da, orain arte esandako guztian ez dugula gezurrik esan, eta beste behin ere eskatzen dugu, udal honen egoeraz herritarrei informatzea.